Ihesaldi bat oinarri duen 'Negu Hurbilak' filmerako crowdfundinga abiatu dute
Ekain Albite gazte zumaiarrak zuzenduko duen Negu Hurbilak filmearen crowdfundinga abiatu dute asteazkenean, egun bakarrean 3.400 eurotik gora lortuz. Jone Laspiur aktore donostiarra izango da pertsonaia nagusia.
Ihesladi baten kontakizuna izango da, arrazoi politikoengatik ihes egin behar izan duen neska gazte batena: “Ezjakintasunean murgilduta, ez daki non dagoen, nora doan, ez eta iritsiko ote den inora”. Kontakizun honen bitartez “oraindik irekita dagoen zauri” batean sakondu nahi dute, baina finean, “sentimendu unibertsala da hondoan dagoena, deserrotzearena, etxea uztearena jakin gabe inoiz bertara itzuliko zaren”.
Egileen arabera “gutxitan hitz egin da gatazkaren alderdi horretaz, tabuak bezalaxe, gaiari heltzeko orduan, gehienetan estalita geratu den ikuspegia izan da…”. Ikuspegia zabaldu eta iheslariaren bizipenaz gain, harrera egin dioten herritar eta herriaren istorioa ere kontatu nahi dute, mugako eta mugalarien herria.
Pelikularen berezitasunen artean dago Jone Laspiur Goya saridun donostiarra izango dela aktore bakarra. Gainontzeko aktoreak herriko aktoreak izango dira. Hainbat hilabete daramate egileek Nafarroako mugako herri batera gerturatzen, bertako bizilagunak ezagutzen eta “gertuko harreman bat eraikitzen”.
Proiektuak ESCAC FILMS ekoizpen-etxearen laguntza eta babes ekonomikoa izan du, baina filma 16mm-tan grabatzeaz gain, Kataluniatik Euskal Herrira datorren lan taldearen gastuak ezin dituzte gastu guztiak ordaindu eta horregatik eskatzen dute laguntza.
Goteo.org web orrian eman daiteke laguntza eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Meta 2021’ proiektuaren bitartez bikoiztu egingo du egindako ekarpena.
Ekipo tekniko eta artistikoa:
Zuzendaritza: Ekain Albite.
Gidoia: Ekain Albite, Adrià Roca eta Nicolau Mallofré.
Casting-a: Mikel Ibarguren.
Ekoizpena: Guillermo Ortuño eta Roos van den Heuvel.
Argazkia: Javier Seva eta Víctor Rodríguez.
Arte eta jantzitegia: Justina Montserrat.
Soinua: Iosu Martínez.
Muntaia: Edu V. Romero eta Sara Salinas.
Diseinu grafikoa eta argazki finkoa: Angela Ramos.
Aktoreak: Jone Laspiur, Beñardo Mutuberria eta Anita Hualde.