'La suerte de Regi' nobela aurkeztu du Iñigo Lamarkak
Iñigo Lamarkak La suerte de Regi nobela aukeztu du Udal Liburutegiko Mandasko Duke aretoan, Alberdaniako editore den Jorge Gimenez Bechekin batera.
Iñigo Lamarkak (Donostia, 1959) Zuzenbide ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean eta EHUko Zuzenbide fakultateko irakaslea izan da. Horrez gain, Zeruko Argia aldizkariko kolaboratzailea izan da eta baita euskaltegiko irakaslea ere. Aurkezpenean azaldu duenez, betidanik gustatu izan zaio idaztea: 13 urte zituela aktibismoan eta idazmenean murgiltzen hasi zen. Bestalde, Gehitu, Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Trans, Bixesual eta Intersexualen elkarteko kide izan da eta baita Estatuko Lesbiana, Gay, Trans eta Bisexualen Federazioko idazkaria ere.
Lana ez da berak idatzitako lehen liburua, izan ere, 2009an Gay nauzu liburua argitaratu zuen. La suerte de Regi, ordea, bere lehen nobela da. Nobelak ia 50 urteko ibilbidea egiten du, 1974ean hasten da eta 2019ra arte egiten du denboran aurrera. Autorearen iritziz gizartearen garapen sozialerako urte determinatzaileak izan dira. Ia mende erdiko denbora, LGTBI komunitateko pertsonen bizipenek girotuko dituzte nobela honetan. Regi, eleberriko protagonista nagusia, bere burua bilatzen saiatuko da bere sexualitatea marjinaltasunera baztertzen duen giro sozial batean.
Autorearen hitzetan, fikziozko kontakizuna da, baina bere inguruan gertatutakoak izan ditu gogoan nobela idazterakoan. Fikziozko pertsonaiak direla nabarmendu duen arren, egiazko pertsona eta bizipenak izan litezkela azaldu du. Garaiko indarkeria politikoa eta homofobia dira nobelako testuinguru nagusia. Hala ere, argi utzi nahi izan du hau ez dela kronika bat, errealitatearekin lotura handia izan arren. “Erronka bat zen niretzat eta pozik geratu naiz emaitzarekin”, gaineratu du.