Zahar etxeetako langileek eta ELAk salatu dutenez, Txara I-ekoa ez da "kasu isolatu bat"
Gipuzkoa osoko eta Donostiako zahar etxe batzuetako hainbat langilek salatu dute Txara I-eko egoera berdinak jasaten dituztela egunero; ELAren arabera, "egiturazko arazoa" da.
Zalaparta handia sortu du azken orduotan publiko egin den Intxaurrondoko Txara I zahar etxeko ikuskapen txosten batek, besteak beste, agerian utzi duelako hango egoiliar batzuek hamalau ordu pasatzen dituztela ezer jan gabe —Eldiario.es egunkari digitalak argitaratu zuen asteartean—. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietako diputatu Maite Peñak horren inguruko adierazpenak egin zituen atzo, eta onartu zuen Txara I-eko egoiliarrek, egoera jakin batean, hamalau ordutik gora egin zituztela oheratuta eta ezer jan gabe. Ordea, udako oporretako ordezkapenak egiteko izandako zailtasunekin lotu zuen gertakaria, eta salbuespen egoera baten moduan aurkeztu zuen: Txara I-ekoa “325 ikuskapenetatik soilik bat” dela nabarmendu zuen, eta zahar etxe horretako 116 egoiliarretatik, jan gabe hamalau ordu pasa zituztenak hamasei izan zirela esan zuen. Gaur, aldiz, ELA sindikatuak eta Gipuzkoako hainbat zahar etxetako —tartean, Donostiako Villa Sacramento, Alai Etxe, San Jose de la Montaña, Aldakonea, Lamourous eta Txara I zahar etxeetakoak— hamabost bat langilek hartu dute hitza, eta nabarmendu dute Txarako ikuskapen txostenak agerian utzitakoa ez dela “kasu isolatu bat”, baizik eta Intxaurrondoko zahar etxeko hainbat oker “zahar etxe gehienetara” zabal daitezkeela.
“Harrigarria da hau orain argitaratu izana. Izan ere, egoera, egiturazkoa izateaz gain, aspaldikoa da”, salatu du ELAko ordezkari Txomin Lasak, eta Peñaren adierazpenak gogor kritikatu ditu: “Maite Peñak esan zuena ez da egia. Bi aukera daude: diputatuak ez izatea zahar etxeetan gertatzen denaren inguruko informaziorik enpresek ezkutatzen diotelako, edo informazioa izatea eta gezurra esan izana; espero dugu azken hori ez izatea, oso larria izango litzatekeelako. Eta zahar etxeetan gertatzen denaren inguruko informazioa ez badauka ere larria da, gipuzkoarron 100 milioi euro baino gehiago inbertitzen baitira zahar etxeetako zerbitzuak kontratatzeko”.
Agerraldian solastu diren langile guztiek azaldu dute euren zahar etxeen “egunerokoan” gertatzen direla Txara I-eko ikuskapen txostenak agerian utzitako okerrak, bereziki, egoiliarrek hamalau ordu inguru pasatzea oheratuta eta ezer jan gabe. Honakoa azaldu dute langileek: “Gauean oso langile gutxi daudenez 19:30ak aldera hasten dira egoiliarrak oheratzen, denak artatu ahal izateko denbora izateko; hurrengo egunean, gehienei ez diete gosaririk ematen 10:00ak arte, gutxi gorabehera. Horrela, esan dute egoiliar batzuei gosaria eta bazkaria ia “gainjarri” egiten zaizkiela, eta beraz, ezin dituztela bete botikak emateko preskripizio pautak. Gainera, langile batzuek kontatu dute egoiliarrak “pardelak aldatu gabe” eraman behar izaten dituztela gosaltzera, ez direlako iristen; Gros eta Uliaren arteko Villa Sacramentoko bi langileek kontatu dute hori, esaterako. Era berean, nabarmendu dute egoiliar batzuek hogei ordu ematen dituztela jan gabe eta oheratuta: “Afariak 19:00etan ematen hasten gara eta gosariak ez dira 11:00ak baino lehenago bukatzen”.
Horrez gain, Groseko San Jose de la Montaña zahar etxeko beste bi langilek adierazi dute “homologatu gabeko erizain bat” dutela, eta txanda batzuetan bera bakarrik aritzen dela lanean, baita hiru egunez erizaintza zerbitzurik gabe egon izan direla ere. Txara I-eko langile batzuek ere hitz egin dute, eta ikuskapen txostenak zioena berresteaz gain, kontatu dute egoiliar gehienak “soilik astean behin” dutxatzen dituztela, “langile eta denbora faltagatik”. Gainontzeko egunetan “toalla heze” antzeko batzuekin garbitzen dituztela adierazi dute. Peñak esan zuen Txara I-eko 116 egoiliarretako 16 izan zirela hamalau orduz oheratuta eta ezer jan gabe egon zirenak, baina langileek diote hori ez dela hala: “100 dira hamalau ordu oheratuta egotera heldu daitezkeenak. Beste hamaseiak ordu gehiago ere egon daitezke”.
Langileek lan itun baten eske duela hiru urte hasitako borrokarekin lotu du auzia ELAk; 252 egun daramatzate greban, tartean etenaldi bat eginda, pandemiarengatik. Lasak azaldu du zahar etxeetan zerbitzu egokia eman ahal izateko, gaur egungo langile kopurua “bikoiztu” ere egin beharko litzatekeela. “Ekuazioa oso sinplea da: zenbat eta hobeak izan langileen lan baldintzak, orduan eta duinagoa izango da egoiliarrei eman diezaieten zaintza”, esan du. Era berean, gogorarazi du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Peña bera “hasieratik” deitu dituztela bilerak egitera, egoerari irtenbide bat bilatzeko, baina salatu du ez dutela erantzunik jaso. Hala ere, nabarmendu du berriz ere bilera bat egitera deitzen dituztela.
Senideen babesa
Gipuzkoako Senideak elkarteak ohar bat plazaratu zuen atzo, eta Peñaren adierazpenak kritikatu zituen, baita zahar etxeetako langileen salaketak egiazkoak direla eta aldarrikapenak zilegi direla nabarmendu ere.