Maria Kristina, Ohorezko Alkate
Maria Kristina Austriakoak Donostiarekin harreman estua izan zuen, hirian haren izena duten eta haren omenez egin diren kale, eraikin eta zubiek hala erakusten dute. Araba parkeko eskultura beste adibide bat da.
Espainiako Alfontso XII.aren emaztea zen. Jaiotzez, Austriako artxidukesa eta Hungaria, Bohemia, Eslavonia, Kroazia eta Dalmaziako printzesa zen. 1885eko azaroan, bere oinordekoaz haurdun zegoela, senarra hil zitzaion eta Espainiako tronuaren erreginaorde bihurtu zen. Alfontso XIII.a jaio eta adinez nagusi izan arte izan zuen ardura. Alfontso XIII.a errege egin zutenean, berriz, Ama Erregina titulua erabili zuen.
Donostiaz maiteminduta, urtero udak igaro zituen bertan 1893. eta 1928. urteen artean. Hiriari eta inguruko herriei zegozkien gai ugari ebatzi zituen, Kasino Handia, Artzain Onaren katedrala, Igeldoko parkea, Uliako errepidea eta Urgulleko pasealekua inauguratu zituen, besteak beste. Udalak Ohorezko Alkate izendatu zuen 1926an, eta zubi bat, Erregina Erregeordea kalea, hiriko hotel nagusia eta hainbat eskultura eskaini zizkion. Horien artean dago Araba parke ondoko Mendeurren plazako monumentua; bigarren eskultura Ondarretan dago.
Monumentua egiteko, lehiaketa publiko baterako deialdia egin zen, eta Leon Barrenetxea eskultore irundarrak irabazi zuen, ‘Naitasuna’ izeneko proiektua aurkeztuz. Juan Gurayak lagunduta egin zuen 1917an, biek 25 urte zituztela. Erreginaren irudia, ordea, Jose Diaz Buenok egin zuen. Rafael Pikabeak eskultura eraikitzeko harpidetza publikoa sustatu zuen eta 1919ko urriaren 12an inauguratu zuten.
Koroa eta Euskal Herria
Barrenetxearen lanak Euskal Herriaren eta koroaren arteko anaitasuna sinbolizatzen du. Atzeko aldean, lau estatua daude Euskadiko eta Nafarroa irudikatzen dituztenak. “Maria Kristina Habsburgo-Lorenakoa erreginari. Monumentu hau Euskal Herriak hasitako harpidetza publikoaren bidez ordaindu zen. MCMXIX iraila”, jarri zuten eskulturan.
Dena dela, behin baino gehiagotan berritu behar izan dute. Izan ere, sinbolizatzen duen loturaren kontrako ekintza gisa, herritarrek burua moztu izan diote hainbat alditan. Bestalde, margoketak eta erasoak ere egin dituzte. Hainbat elkartek, ordea, babestu gabeko monumentua dela salatzen dute eta, Hirigintzako eta Eraikitako Ondarea Babestekoa Plan Berezian sartzeko eskatzen dute.