Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko epea zabalik dago
Dagoeneko izena eman daiteke Mintzalaguna egitasmoan, urriaren 18ra bitarte. Euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek parte hartu dezakete egitasmoan. Euskaraz aritzeko ohitura, bidelagunak eta trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi duten euskara ikasleei, bidelariei, zuzenduta dago. Berebiziko garrantzia du egitasmoak ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko.
Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen www.bagera.eus webgunea izango da. Horrez gain, Bagera elkartean (Hernani kaleko 15. zenbakian) ere egin daiteke. Informazio gehiago 943 00 50 74 telefono zenbakian edo mintzalaguna@bagera.eus helbidean eskura daiteke. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Bagera elkarteak lortutako akordioari esker, 25 euro ordaindu behar dute soilik praktika behar duten parte hartzaileek.
‘MintzaPoza’ oinarri
Ikasturte berri hau bereziki “bizi, garrantzitsu eta gogotsu” datorrela azpimarratu dute. Azken bi urteetan ezinezkoa izan da mintzalaguna egitasmoa bere horretan, ohiko eran burutzea, baina hartutako konpromisoari eutsi zaio. Egitasmoa aurrera eramaten duen Bagera elkarteko ordezkariaren esanetan: “Mintzalagunok moldatu gara egoerara, ondo moldatu ere!! Baina, noski, betikora itzultzeko gogoz gara: taldekideekin berriz elkartzeko eta ‘MintzaPoza’ elkarrekin praktikatzeko. Horixe baita, finean, gure egitasmoen oinarria: ‘MintzaPoza'” .
MintzaPoza hitza erabili da aurten egitasmoak sortzen duen sentipena adierazteko. “‘MintzaPoza’ sortzen digu astero elkartzeak, euskaraz lasai eta eroso aritzeko aukera izateak akatsak egiteko beldur gabe edo euskara praktikatu nahi dugunokin astero elkartzeko prest dagoen bidelagun bat izateak”. Bidelagunak ere, euskara praktikatu nahi dutenekin astero elkartzen diren boluntarioak, pozez biltzen dira astean behin euskaraz ordubetez hitz egiteko Laguntzaile edo bidelagun horiek adierazi dutenez “egitasmoan sortzen den giroak ematen digu MintzaPoza, dakiguna partekatzeak, euskararen alde gure alea jartzen dugula sentitzeak. Hori guztia da ‘MintzaPoza’; gure egitasmoen txispa eta oinarria”.
‘Gurasolagunak’: Mintzalaguna eskolan!
Ikastetxeekin Gurasolaguna Mintzalagunaren aldaera eskainiko da Euskara Zerbitzuaren laguntzari esker. Gurasolaguna aldaeran ikastetxe bereko gurasoekin osatuko dira mintza taldeak. Bereziki, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzako lehen zikloko gurasoei eskainitako aldaera da, izan ere, bereziki adin horretako haurren gurasoek egiten duten ahaleginak berebiziko garrantzia du familiaren hizkuntza ohituretan.
Laguntzaileak behar dira
Ikasturte honetan ere euskaraz hitz egiteko gaitasuna landu nahi dutenei laguntzeko deia egin die Bagerak. Nahikoa da astean ordubete eskaintzea. Ordubete horrekin ikasleek euskararen erabileran aurrera egiten dute nabarmen.
400 lagun Donostian, 7000 lagunetik gora Euskal Herrian
Mintzalaguna egitasmoa 1993an sortu zuen Bagera elkarteak. Azken urteotan, Donostian, 400 bat lagun aritzen dira urtero euskaraz berriketan asteroko hitzorduetan Donostiako kaleetan. Donostian ez ezik, Euskal Herriko 120 herri eta hirietan ere zabaldu da egitasmoa, azken ikasturtean esaterako 7.000 mintzalagun aritu dira Euskal Herri osoko 22 herrietan. Horiek guztiek, une batean, jauzi egin dute erabileran: etxetik taldeko girora lehendabizi eta, taldeko konplizitatean, kaleko erabilerara gero.