Museum Cemento Rezolaren instalazio berriak inauguratu dituzte
Añorgako Museum Cemento Rezola museo berrituaren inaugurazioa egin zuten herenegun. Instalazio berriak ez ezik, erakusketa iraunkor berria aurkeztu dute. Zementua zer den azaltzen du: “Material horrek gizartearen garapenean duen eta izango duen garrantzia eta gaur egun eta etorkizunean hiri iraunkorragoak sortzeko eman ditzakeen soluzio berritzaileak ezagutarazteko sortua”, azaldu du Cementos Rezola-HeidelbergCement Group taldeak.
Inaugurazio ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakariak, Markel Olano ahaldun nagusiak, Eneko Goia alkateak eta HeidelbergCement Hispaniako zuzendari Jesus Ortizek parte hartu zuten. Añorgako Cemento Rezolaren inguruan ondorengoa nabarmendu zuen Ortizek: “CO2 Ibilbide Orri propioa du 2018tik, 2030erako karbono aztarna %30 murrizteko mugarriak definitzen dituena, eta prozesu horrek Euskadiko erakunde publikoen laguntza beharko du ahalik eta ekonomia zirkularraren aprobetxamendurik handiena sustatzeko eta ezinbesteko azpiegitura eta teknologien diseinuan laguntzeko, 2050ean karbonoaren neutraltasuna lortzeko”. Goia alkatea, berriz, museoaren garrantziaz aritu zen: “Ez dira asko pertsona askorentzat ezezaguna den baina oso garrantzitsua den gai bati buruzko horrelako museo bat izateaz harro egon daitezkeen hiriak”.
20 urteko ibilbidea
2000. urtean sortu zenetik 2020. urtera arte, museoak aldi baterako 50 erakusketa baino gehiago egin ditu. Bi hamarkada horien ondoren, etapa berri bati emango dio hasiera, erakusketa iraunkor berrituarekin, zementuaren egungo balioak ezagutzera emateko; horien artean, jasangarritasunarekin eta berrikuntzarekin duen konpromisoa nabarmentzen da. Erakusketa programaren barruan, aurtengo azarorako, Arkitekturaren Biurtekoaren programaren barruan, Hiria pentsatu proiektuaren erakusketa jarriko dute.