Urte askoren ondoren, Arte Ederrak eraikinaren etorkizuna zehaztu dute
1982an azken filma proiektatu zutenetik, askorako eman du Donostiako Arte Ederrak eraikinaren auziak, baina, dirudienez, amaierara heltzen ari da. Izan ere, udalak eraikina birgaitzeko baimena eman dio dagoeneko SADEri. Hala ere, Ancora aurka agertu da.

Donostiako Udalak berriki eman du Arte Ederrak eraikina birgaitzeko behin betiko baimena, eta horri esker, SADEk (Sociedad Anonima de Deportes y Espectaculos), eraikinaren jabeak, barrualdea eraisteko baimena du, han hotel bat egiteko.
SADEkoek “pozik” eta «ilusioarekin» daudela adierazi dute ohar baten bidez, “hainbat hamarkadatan izan diren liskar eta gatazken ondoren gai izango garelako eraikinari bizitza berri bat emateko”. Berritze lanekin, Arte Ederren eraikinaren biziraupena bermatuko dutela diote.
“Donostiako Udalak onartutako birgaitze lizentziak eraikinaren barruan esku hartzeko baimena ematen du, fatxadak eta alaka bereizgarria mantenduz. Gainera, segurtasun arrazoiengatik eraitsi behar izan zen kupula berrituko dugu”, azaldu dute. Horrela, Urbieta eta Prim kaleen artean dagoen eraikin ezagunari erabilgarritasuna emango diotela nabarmendu dute. “Ostatu turistiko bat eraikitzeak, gainera, higiezinaren erabilera eta kontserbazioa ahalbidetuko ditu, SADEk hasieratik aldarrikatu duen moduan”, esan dute. Birgaitzeko lanek 30 hilabete iraungo dute gutxi gorabehera, eta laster ikusi ahal izango dira aldamioak eta garabia eraikinaren inguruan. Bestalde, SADEk nabarmendu du “donostiarrak harro sentiarazten dituen eraikinari bizitza berria ematea» dutela helburu, baita “enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzea” ere.
Ancora elkartea, aurka
Arte Ederrak eraikinaren fatxada mantendu beharko du SADEk, baina Donostiako ondarearen babeserako elkarteak kritikatu du hainbat egokitzapen egingo dituela enpresak. “2015ean eraikinaren kupula kendu zuten, berehala berrezartzeko betebeharrarekin (bete gabea), eta, 2017an, aurreko Kultur Ondasun estatusa kentzea lortu zuten, babes legalik gabe utziz. Udalak hirigintzako fitxa malgutu berri du (berriro), barruko egitura suntsitzeko eta fatxaden jatorrizko diseinua aldatzeko. Hori guztia ICOMOS-UNESCOk nazioarteko alerta eman arren”, azaldu du Ancorak. Horregatik, elkarteak manifestazioa egin zuen atzo Donostian.
Gaiaren inguruan galdetuta, honakoa nabarmendu du Eneko Goia alkateak: “Gaiak eman beharrekoa eman du. Urte gehiegi dira inora ez garamatzan egoera batean bizi garela”. Prozesua luzea izan dela ere gogorarazi du alkateak: “Nahi adina eztabaida izan ditugu epaitegietan; batzuk jabetzak irabazitakoak, eta beste batzuk udalak irabazitakoak. Eraikinak, ordea, bere horretan jarraitzen du, eta gero eta okerragoa den egoera batean”. Horregatik, erabakia hartzeko une egokia dela deritzo Goiak: “Momentu honetan, jabetzak eraikina birgaitzeko proiektu bat aurkeztu du, eta udalak ezartzen dituen baldintzak betetzen ditu proiektu horrek. Alde horretatik, guri legea betetzea dagokigu, eta proiektuak legearen baldintzak betetzen dituen heinean, proiektuari onarpena ematea dagokigu. Hori ez da erabaki arbitrario bat”.
Era berean, SADEren ildo beretik, gaineratu du egoera gehiago luzatzea eraikinaren kalterako izan zitekeela: “Gaia iritsi behar zen puntura iritsi da, eta, hemendik aurrera, ez dut uste inori onik egiten dionik proposatzeak irtenbiderik ez duten bideetatik jarraitzea. Edonola ere, egoera hau luzatzeak ekarri zezakeen azkenean eraikina bera desagertzea; eta ez da horrela izango”.
Europako zaharrenetarikoa
Maiatzaz geroztik, hiru aparkaleku-solairu, hirugarren sektoreko erabilerarako hiru solairu eta ostatu turistikorako beste sei etxebizitza gaitzeko lizentzia izapidetzen ari dira. Ancorak gogorarazi du ere Lehen Mundu Gerra baino lehenagotik zutik jarraitzen duen Europako zinema areto bakanetakoa dela. Era berean, nabarmendu dute Espainiako Kultura Ministerioak XX. Mendeko Ondarearen Plan Nazionalean sartu zuela eta gaur egun Espainiako Estatuko zinematograforik zaharrena dela.
Hain zuzen, eraikina Ramon Kortazar arkitektoak diseinatu zuen, beaux-arts estilo frantsesean oinarrituta. 1914an inauguratu zuten, eta zinema areto moduan funtzionatu zuen urte luzez, 1982ra arte. Era berean, 1977tik, Donostiako Orfeoiaren egoitza ere izan zen, urte luzez.