Hegaztien Nazioarteko Egunean, Antondegiren garrantzia nabarmendu du Itsas Enarak
Hegaztien Nazioarteko Eguna da gaurkoa, urriak 2, eta Itsas Enara ornitologia elkartekoak Donostiako Antondegi eremu naturalera igo dira, hegaztiak ikustera. Era berean, eremu horren garrantzia aldarrikatzeko aprobetxatu dute: “Antondegiko gaina Donostiako udalerrian tajuzko landazabal atlantikoa gorde duen azken eremu berde handia da, eta olatu artifizialak egiteko azpiegitura ezin eztabaidagarriagoa egiteko proiektu baten mehatxupean da. Espezie habiagile kopuru handiena duten udal eremuetako bat ez ezik, hegaztiek Europaren eta Saharaz bestaldeko Afrikaren arteko migrazioetan atseden hartzeko eta elikatzeko duten gune nagusia ere bada, apika, Antondegi”. Gaurkoan hainbat hegazti ikusi dituztela gehitu dute: “Paseriforme ugari, zenbait harrapari eta koartzak, hegan migrazioan, behatu ditugu”. Duela gutxi, Gipuzkoan oso urria den berdantza miarritza ikusi zuten Antondegin, baita azeri bat eta sai zuri bat ere.
Horrez gain, Txingudiko eta Motondoko eremuen garrantzia ere nabarmendu dute: “Txingudin, badira urteak hezegunea leheneratzeko planak zeharo geldirik daudela, eta Plaiaundiko Parke Ekologikoan ez da ingurumen kudeaketarik egiten. Hondamendira doa zuzenean”, esan dute Txingudiri buruz. Motondori buruz, aldiz, honakoa nabarmendu dute: “Oriaren itsasadarreko hezegune handian, Kontserbazio Eremu Berezia (KEB) babes maila izanagatik ere, Europako Erkidego mailako Intereseko Habitata izanagatik ere, gauzatze gabe jarraitzen du hura leheneratzeko proiektuak, Espainiako parlamentuak 2020/12/3an hala erabakiagatik ere eta 3.000.000 euroko zuzkidura esleitua izanagatik ere. Gainera, ez dago inongo plan zein eperen berririk ere”.
“Hauxe da Gipuzkoako natura kontserbazioaren benetako panorama, eta ez genuke alferrik galdu nahi Hegaztien Eguna hegaztien, haien habitaten eta oro har biodibertsitatearen balioa azpimarratzeko eta aldarrikatzeko. Ildo horretan jarraituko dugu lanean, landa-lana, zentsuak, azterlanak eta dibulgazioa egiten, betiere Gipuzkoa ardatz hartuta”, aldarrikatu dute.