Parte Zaharreko bizilagunek "nazkatuta" daudela salatu dute
Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak deituta, Parte Zaharreko eta kaiko ehunka bizilagun mobilizatu dira larunbat arratsaldean, azkenaldian pairatzen ari diren egoerarengatik “nazkatuta” daudela salatzeko. Kaitik abiatu dira, eta Parte Zahar osoa zeharkatu ostean, Bulebarreko kioskoan amaitu dute mobilizazioa, eta nabarmendu dute “beharrezkoa” zela “azken egoera eta gertaeren aurrean” bizilagunek euren “nazka eta amorrua publikoki adieraztea”.
“Etxeratze agindua indargabetu ondoren, astebururo, gure kale eta espazioen okupazio masiboaren lekuko izan gara”, azaldu dute, eta aurretik bizi izan dituzten bestelako egoerekin alderatuta, oraingoa “oso desberdina” dela esan dute: “Alkohola neurririk gabe eta kalean kontsumitzea izan dira sortu berri den egoera hau eragin duten bi faktore nagusiak”
Bizitzen ari diren egoeraren nondik norakoak ere azaldu dituzte: “Bertara etorritakoen agresibitatea (borrokak, kolpeak, botilak jaurtitzea, eta abar), auzotarren aurkakoa (irainak, balkoietara igotzea, ibilgailuak haustea) eta atari eta fatxaden aurkakoa (ateen hausturak, sarrailak, su itzailgailuen lapurreta). Masifikazioak eta bafleek sortutako zarata jasanezina. Iruzkin eta jarrera matxistak eta sexistak. Pixa nonahi eta etengabe. Alde guztietatik hautsitako beira eta zaborra. Lapurretak eta lapurreta saiakerak. Segurtasun ezaren sentsazio gero eta handiagoa; egoiliarrek eta haien familiek ezin lasai ibili ahal izatea. Drogen eskaintza modu lotsagabean handitzea”.
Udalaren jarrera salatu dute
“Udal gobernuak badaki zer gertatzen den, eta ez da batere arduratu”, salatu dute mainifestariek. Ildo horretatik, gogorarazi dute Parte Zaharreko kaleetan alkohola kontsumitzea eta jende pilaketak egotea ez dela gauza berria: “Auzoaren degradazioa eta gehiegizko ustiapen turistikoa eta ekonomikoa aspalditik dira eta beraiek dira urte batzuetatik hona auzoa parke tematiko erraldoi batean bihurtu dutenak”. “Udal gobernu gehienek” egoera horri “babesa” eman diotela gaineratu dute, eta ostalaritzak gauza bera egin duela salatu dute: “Kutxa egiten ari den bitartean, isildu egin da. Arazoaren parte ere badira; besteak beste, berea ez den gauza bat salduz bizi den sektorea delako: hiria eta auzoak”.
Horrez gain, nabarmendu dute azkenaldikoa ez dela “auzotarren eta gazte burugabeen arteko gatazka”: “Arazo bat lehertu zaigu esku artean, eta udalak, egoera honen aurrean, ez digu atsedenerako, osasunerako eta segurtasunerako eskubidea bermatzen”. Duela lau urte Parte Zaharrean bizitzeko eskubidearen aldeko manifestu bat atera zutela gogorarazi dute, eta deitoratu dute orain orduan baino are “okerrago” daudela. Horregatik, Parte Zaharreko eta kaiko bizilagunak pairatzen dituzten egoerak salatzen jarraitzera eta informazioa auzo elkarteari helaraztera deitu dituzte.