Hiriko hamasei pertsona ezagunen testigantzak jasoko dituzte 'Ahotsak' atarian
Donostiako Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak urteak daramatzate Ahotsak egitasmoaren bitartez, hiriko ahozko ondarea eta herri hizkera jasotzen, lantzen eta zabaltzen. Guztira 180 hiritarren testigantzak jaso dituzte. Aurten hiriko hamasei pertsona ezagunen bizipenak jasoko dituzte, eta lehen elkarrizketatua Enkarni Genua Txotxongilo taldearen sortzailea da.
Gerra aurreko eta gerraosteko testigantzak izan ziren lehendabizikoak. Orain, berriz, Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzkoak biltzen ari dira: 1960ko hamarkadatik 1980ko hamarkadara bitartekoak bereziki, Donostiako euskararen historia jasotzeko. “XX. Mendean eta XXI. hasieran euskara eta euskal kultura suspertzen eta sustatzen aritu diren 16 donostiar erreferente elkarrizketatuko ditugu. Pertsona horien ezagutza jaso eta partekatzea garrantzitsua da oso, besteak beste, euskara eta euskal kultura suspertzeko euskal gizarteak egindako lana balioztatzeko”, azaldu du Kultura zinegotzi Jon Insaustik.
Apirilean hasi ziren elkarrizketekin, San Telmo Museoan, eta dagoeneko hamar egin dituzte. Urriaren lehen astetik hasita, elkarrizketak bistaratzen hasiko dira: astero elkarrizketatu baten bideo labur bat erakutsiko dute, eta haren bideo pasarte guztiak ikusi ahal izango dira aipatu webgunean.
Enkarni Genuaren ostean, Piter Ansorena, Maite Gonzalez Esnal, Juan Antonio Urbeltz, Txaro Arteaga, Antton Valverde, Aitzpea Goenaga, Santos Sarasola, Lola Valverde eta Jabier Agirreren elkarrizketak ikusi ahal izango dira. Hemendik urte bukaerara beste sei pertsona ezagun elkarrizketatzeko asmoa dago, eta horiek ere landu eta erakutsiko dira.