Zinema 7 hoteleko langile batzordeak lan baldintzak bermatzeko eskatu dio SADEri
Amara Berriko Zinema 7 hoteleko langile batzordeak oharra plazaratu du SADEri lan baldintzak hobetu ditzan eskatzeko. “Nekatuta gaude gure lan eskubideak bermatzeko zuzendaritzaren atzetik ibili behar izateaz. Langileei jakinarazi zitzaien ezinezkoa zela soldata osatzea hotela ERTEn [aldi baterako erregulazio espedienteekin] zegoenean”, azaldu dute.
Kritiko agertu dira SADEk Arte Ederretako eraikinean “84 logelako ostatu turistiko berri bat” jarriko duelako. “Orain, ez dute arazo ekonomikorik hiriko ondarea suntsitzeko”, nabarmendu dute. Horrez gain, langile batzordeak lan egutegia adosteko arazoak dituztela salatu dute: “Ez dirudi inolako eragozpenik dutenik obren hasiera planifikatzeko, baina bai, ordea, urteko egutegi bat sortzeko, lan orduak eta bizitza pertsonalaren uztartzea zailduz. Ez dugu esklabo bizi nahi enpresak astero erabakitzen duen ordutegiaren menpe”.