'Artxipielagoa' fikziozko podcastean hainbat donostiarrek parte hartu dute
Dagoeneko entzungai dago Artxipelagoa fikziozko podcasta. Zortzi atal ditu eta istorio distopiko bat kontatzen du. Ulu Mediak ekoitzitako telesaila da EITBPodkast plataformarako. Kontakizunean hainbat donostiarren ahotsa entzun daiteke. Ondorengoak dira ahotsa jarri duten aktoreak: Aitziber Garmendia, Anartz Zuazua, Eneko Sagardoy, Iñaki Beraetxe, Sara Cozar eta Klara Badiola.
Hona hemen istorioaren sinopsia:
“Etorkizun hurbilean, kontinenteen zati handi bat urpean geratu da, tartean Europa gehiena. AEBko presidenteak Alaskan sustatutako petrolio-ustiaketarako findegi erraldoiek eta Saudi Arabiak Antartikotik eramandako izotz zatiak, azken bultzada eman diote lurraren beroketari eta glaziarren eta Poloen bat-bateko urtze lasterrak itsasoaren maila igotzea eragin dute hondamendia eta nahasmendua sortuz.
Tsunami moduko igoera honek ez du soilik herrialde osoak urpean geratzea eragin, baizik eta domino-efektu bizkor batean, telekomunikazioak, nekazaritza eta energia produkzioa ezereztatu ditu. Bizirik irautea lortu dutenek baliabide urriko eszenatoki berri eta zatitu batean mugitu behar dute. Euskal Artxipelagoan bizi den Jare neska gazteak baditu baikorra izateko arrazoiak hala ere. Batetik, urpetze aurreko munduari buruzko gauza harrigarriak kontatzen dizkion aitonarekin bizi delako.
Eta bestetik, ur-azaletik gertu geratzen diren behialako mendi tontorretan burdin zatiak topatzeko trebezia duelako. Nahiz eta bere bilatzaile gaitasunak, ustekabean, azpijoko arriskutsu batean murgilaraziko duen”.
Ideia originala Oier Aranzabal, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberriarena da. Aranzabalek proiektua Juan G. Andresekin batera zuzendu eta ekoitzi du. Gidoia Xabier eta Martin Etxeberria anaiena da eta grabazioaz eta audio diseinuaz Xanti Salvador eta Koldo Corella arduratu dira. Soinu banda originala Rafa Ruedak eta Aritz Aranburuk egin dute, eta kartelaz zein arlo grafikoaz Xabier Sagasta arduratu da.