Donostiak neguko jaiak berreskuratuko ditu
Santomasak, Gabonak –Olentzero eta Errege Magoak–, San Sebastian eguna, kaldereroak, inude eta artzainak eta inauteriak egin ahalko dira.
Eneko Goia alkateak gaur eguerdian baieztatu du Donostian neguko festak ospatuko direla. Labi batzordeak osasun larrialdia bertan behera utzi ondoren, udala festa horiek antolatzen hasi da.
Pozik agertu da Goia: “Ilusioz nator hona gaur. Tristea izan zen aurtengo San Sebastian eguna ez ospatzea. Argi ikusi genuen denok ez zela posible. Viktoria Eugenian bandera igoera berezi bat egin genuen, eta donostiar bakoitzak bandera igo ahal izan zuen beraien balkoietan. Orain esan dezakedana da 2022ko San Sebastian eguna ospatuko dugula”.
Esan bezala, Sansebastianak ez ezik, neguko jai guztiak berreskuratuko ditu hiriak. “Adi egongo gara une bakoitzean ikusteko zein neurri hartu behar ditugun. Donostia Festak sailarengan konfiantza osoa dut, asko ikasi dute azken hilabetetan. Ziur nago gauzak ondo antolatuko ditugula”, azaldu du. Pasa den astean danborradetako eragileekin bilerak egin zituen udalak, eta gehiengoaren partetik iritzi bera jaso zuten: “Noski, danborrada egitearen aldekoak dira”.
Neguko jaiek hirian duten garrantzia ere nabarmendu du alkateak. “Ospakizun hauek festak baino gehiago dira. Sinbolikoak dira donostiarrentzat, emozionalki eta kolektiboki. Komunitatean egiten dira eta komunitatearentzat”.
Indarrean dauden neurriak
Une honetan indarrean dauden murrizketen inguruan galdetu diote Goiari, eta momentuz ezarritakoa bete beharko dela esan du. Hau da, maskara derrigorrezkoa da eremu itxietan, eta kanpoan ere maskara jantzi behar da gutxieneko distantzia errespetatzen ez bada. Ondorioz, Santomasetan eta danborraden desfileetan maskara jantzi beharko dela uste du alkateak, zaila izango delako gutxieneko distantzia errespetatzea. Edukierari dagokionez, 5.000 pertsonatik gorako lekuetan –Illunbe da hiriko leku bakarra– %80ko edukiera ezarri dute, eta ez dirudi horrek aipaturiko festei eragingo dienik.