Arte Ederren eraikinaren barrualdeko lanak abiatu dituzte
Urte askoren ondoren, Donostiako Arte Ederren eraikinaren etorkizuna zehaztu dute berriki, udalak eraikina birgaitzeko baimena eman baitio dagoeneko SADEri. Horrela, fatxada mantendu behar badute ere, barrualdea eraitsi dezakete, hotel bat egiteko.
Hain zuzen, Ancora Ondarearen Babeserako Elkartearen bideo honetan ikus daitekeen moduan, eraikinaren barrualdeko lanak hasi dituzte dagoeneko; kanpoaldean oraindik hesirik ez badago ere, barrualdean altzariak eta bestelako objektuak pilatzen ari dira langileak:
SADE pozik agertu zen joan den astean udalaren baimenarekin, eta nabarmendu zuen “ostatu turistiko bat eraikitzeak higiezinaren erabilera eta kontserbazioa” ahalbidetuko dituela. Eraikina birgaitzeko lanek 30 hilabete iraungo dute gutxi gorabehera.
EH Bilduk lanak geldiarazteko eskatu du
Bideoaren harira, EH Bilduk jakinarazi du Ancorak salaketa jarri duela, “bere ustez hirigintzako arau hauste larria egiten ari direlako”. Horregatik, oposizioko udal taldeak zuzenean Eneko Goia alkarea interpelatuko du, “araudia betetzen ari den ala ez jakiteko”. Horrez gain, eta arauak betetzen ez badira, “dagozkion neurriak ezartzeko” eskatuko diote alkateari.
Horrela ere, EH Bilduk deritzo udal gobernuak lanak “kautelaz geldiarazi” behar dituela: “Ezin dugu ahaztu EHOBPBn babestutako eraikin bat dela, eta berme guztiekin jardun behar dela”. Era berean, gogorarazi dute “donostiar askok” ez dutela begi onez ikusi “udal gobernuak lizentzia hori eman izana, joan den osteguneko manifestazio jendetsuan ikusi ahal izan zen moduan”.
Elkarrekin Donostia “kezkatuta”
Elkarrekin Donostia udal taldea ere “kezkatuta” agertu da bideoarekin eta Ancoraren salaketarekin, “Arte Ederren eraikina eraisteko lanen hasieran egon litekeen arau haustearengatik”. Oposizioko taldeak deitoratu egin du Arte Ederren eraikinaren auzian “atzera bueltarik ez egotea” eta “udal gobernuak Arte Ederrak kontserbatzeko ezer egin ez izana”.