Mintzalaguna egitasmoan konfiantzazko gune bat sortzen dute
Dagoeneko izena eman daiteke Mintzalaguna egitasmoan, urriaren 18ra bitarte. Euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek parte hartu dezakete egitasmoan. Helburua ezagutza praktikan jartzeko jauzia ematea da.
Aurtengo Mintzalagunak berezitasunak ditu. Batetik, ‘Mintzapoza’ du oinarri. Izan ere, azken bi urteotan ezin izan dute egitasmoa bere horretan egin eta aurten, berriz ere, elkartzeko asmoa daukate. Antolatzaileen hitzetan, jendea egitasmoan parte hartzeko ilusioz dago eta pixkanaka normaltasunera itzuli nahi dute. Bestetik, kanpainaren irudi gisa erabili duten kartel deigarria egin dute. 45-55 urte bitartekoengana iritsi nahi dute, eskolan euskaldundu gabeko adin tartea baita. Horregatik, Superpop aldizkariaren estiloa erabili dute eta jada jendea identifikatua sentitzen dela nabaritu dute.
Mintzapozaren nondik norakoak azaldu dizkigu Aitziber Gaztañaga Bagera Elkarteko kideak, hori erreportaje batean jaso eta IRUTXULOKO HITZAren biharko astekarian irakurri ahalko da.