Sonakayk kontzertu berezia eskainiko du Viktoria Eugenia Antzokian
Sonakay euskal flamenko talde donostiarrak hiru kontzertu eskainiko ditu datozen asteetan Euskal Herrian, tartean euren etxean, Donostian. Gainera, kontzertu berezia izango da Donostiakoa, Sonakay eta Lagunak ikuskizuna eramango baitute Viktoria Eugenia Antzokira.
Hain zuzen, emanaldian zehar beste hainbat artista igoko dira oholtzara donostiarrekin batera, eta “sorpresaz beteriko gaua” izango dela dio taldeak. Besteak beste, Iker Lauroba eta Omar Sanchez igoko dira oholtzara egun horretan. Azaroaren 6an izango da, 20:00etan, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, Donostia Kulturaren webgunean, 13,5-15 euroan.