"Leher eginda iristen zara etxera, eta, gainera, zure lana ondo egin ez duzula sentitzen duzu"
Txara I-eko ikuskapen txosten batek zalaparta sortu zuen joan den astean, besteak beste, ondorioztatzen zuelako egoiliarrek hamalau ordu ematen zituztela oheratuta eta jan gabe. Langileek diotenez, euren egunerokoa da hori.
Txara I zahar etxeko Rosi Gonzalez erizaintzako laguntzailearekin eta Geraldine Ramirez erizainarekin eta Txara II-ko Ana Sastre erizaintzako laguntzailearekin elkartu da IRUTXULOKO HITZA, zahar etxeetako langileek eta egoiliarrek euren egunerokoan bizi dutenaren berri izateko. Langileek diotenez, Gipuzkoako zahar etxe gehienetan errepikatzen dira Txara I-en publiko egin diren egoerak, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako ratioekin ezin delako lana beste era batera antolatu. Horrez gain, Txara I eta Txara II Biharko enpresak kudeatzen ditu, eta, kontatu dutenez, material guztia zenbatuta dauka zuzendaritzak, eta egoiliarrak artatzeko materiala falta zaie sarritan. Bestalde, zahar etxeetako langileek 252 greba egun egin dituzte dagoeneko, eta euren borrokaren eta helburuen inguruan ere mintzatu dira langileak.
Elkarrizketa osoa ostiralean, hilaren 8an, argitaratuko da IRUTXULOKO HITZA-ren paperezko astekarian eta webgunean. Ordura arte, hemen daukazue aurrerapen txiki bat:
Zuen egunerokoan eragin handia dute murrizketek?
Rosi Gonzalez (R.G.): Noski. Esaterako, medikazioarekin batera jogurt bat emateko, erizainari deitu behar diozu jogurta eskatzeko, eta askotan ez dituzte izaten; denbora handia galtzen dugu. Lehen, Txara I Gerozerlanek zeramanean, ez zitzaigun hori inoiz gertatzen. Gauza batzuengatik ere kexatzen ginen, baina hozkailua beteta genuen beti. Orain, merienda orduko galletak eta tostadak ere zenbatuta dituzte.
Ana Sastre (A.S.): Txara II-n, gosariak emateko galleta pakete bakarra daukagu egunean; hau da, bakoitzak bost galleta, gurina, marmelada eta tetrabrikeko zuku bat gosaltzen du. Hori guztia hamalau orduz ohean eta ezer jan gabe egon ostean. Asko gosez gelditzen dira. Zuzendaritzara joaten gara horren berri ematera, baina berdin zaie, ahal dituzten gastu guztiak murriztu nahi dituztelako. Horrez gain, erabiltzen ditugun izara eta toalla guztiak ere zenbatuta dituzte. Egunero falta zaizkit toallak, ohegainekoak, burko zorroak eta horrelako gauzak, eta berri bat hartu behar dudan bakoitzean baimena eskatzeko deitu behar dut; horrela ezin da lanik egin. Bestalde, kafesnea zerbitzatzen dudanean, adibidez, bakoitzari bere esnea botatzen joaten naiz, eta azkenari pitxerreko azken tantak botatzen dizkiot. Eta ez dago gehiago.
Egoiliarrek tratu gizatiarra ere eskatuko dute, ezta?
R.G.: Noski, bakarrik daudela sentitzen dutelako. Askotan, eurengana joateko eskatzen dizute, eta esaten diozu ezin duzula, benetan ezin duzulako.
A.S.: Torlojuekin lan egiten ariko bagina bezala ari gara lan egiten, lantegi bateko ekoizpen prozesuan lan egiten den moduan. Batzuetan, ordea, arreta gehiago eskatzen digute, baina ezin dugu. Egoiliar askok ‘denbora guztian korrika zabiltzate!’, esaten digute. Hain zuzen, ‘itxaron, orain ezin dut!’, da gehien errepikatzen dugun esaldia.
Geraldine Ramirez (G.R.): Egoiliarrek esaldi hori gorroto dute dagoeneko.
Nola eragiten dizue fisikoki eta psikologikoki?
R.G.: Oso nekatuta bukatzen duzu. Izan ere, egoiliarrek arreta handia eskatzen dute, gehienak ez daudelako ondo. Gainera, adi egon behar duzu istripuak saihesteko.
G.R.: Azkenean, fisikoki eta psikologikoki leher eginda iristen zara etxera, eta, gainera, zure lana ondo egin ez duzula sentitzen duzu. Lanaldia amaitzen dudanean, askotan iruditzen zait gauza batzuk egiteke gelditu zaizkidala, nahiz eta egin beharreko gauza guztiak egin ditudan. Horren modu automatikoan egiten dugunez dena, sentsazio hori izaten dugu. Tristea da, azken finean pertsonekin ari garelako lan egiten, eta gure arreta eta laguntza nahi dute pertsona horiek. Nik erizaintza ikasi nuen jendea lagundu nahi nuelako.
Egoiliarrentzako euren familia gara, eta, pandemia garaian, denbora askoan ikusi dituzten pertsona bakarrak izan gara. Eta, kasu askotan, ikusi ere ez, maskararekin eta erabat estalita ikusten gintuztelako. Beraiek asko sufritu dute. Orain askoz gehiago hurbiltzen gara, baina denbora luzez ezin izan ditugu ukitu ere egin. Askok beste pertsona baten kontaktua behar dute, eta eskua hartu nahi zizutenean zuk kendu egin behar zenuen.
A.S.: Fisikoki eta psikologikoki daukagun zama horrek bere ondorioak ditu. Ziurrenik ez duzu epe motzean nabarituko, baina, agian, hemendik bost urtera esfortzu txiki bat egingo duzu eta izorratuta geldituko zara. Zergatik? Gehiegizko esfortzua egiten dugulako lana aurrera ateratzeko, gure fisikoaren eta buruko osasunaren kontura.
R.G.: Horregatik, hain zuzen, ez dugu soilik gure lan baldintzak hobetzeko eskatzen; egoiliarren bizi kalitatea hobetzeko ere bai.