'DonostiWood', zinema eta Donostia elkartzen dituen erakusketa
Gorka Elarreren fotomuntaketa dibertigarriek Donostia zinemako plato bihurtu dute. Aieteko Topalekuan jarri dute erakusketa eta urriaren 24ra arte izango da ikusgai.
Zinemaldiaren garaia iristen denean, Gorka Elarrek zinemarekin lotutako erakusketa jartzen du hirian. DonostiWood fikziozko estudio zinematografiko bat da. Telesail eta zinemako film ezagunei buruzko muntai fotografikoak egiten ditu Donostiako hainbat tokitan. Elarre donostiarra da, eta diseinu grafikoa eta argazkigintza ikasi zituen.
Argazkilaritza eskolak ematen ditu Internet bidez, eta diseinu grafikoan, argazkigintzan eta ukitu digitaletan aritzen da. Bere zaletasun handienetakoa fotomuntaketak egitea da, eta horretan hobetu eta ikasten jarraitzeko proiektu gisa hasi zuen DonostiWood. Muntaiak sare sozialetan zabaltzen hasi zen eta izan zuten arrakastaren ondorioz, webgune bat sortu zuen izen horrekin. 160 sari baino gehiago irabazi ditu autoreak proiektuarekin lotutako lanengatik.
Topalekuko erakusketak ez ditu Elarreren lan guztiak jasotzen, ezagunenak soilik jarri baitituzte. Esaterako, Forrest Gump ageri da batean, Salamanca pasealekuan Kursaal jauregira begira. Beste batean, Jack Sparrow Kontxako hondartzan urertzetik korrika ageri da.
Erakusketa irailaren 15ean jarri zen eta urriaren 25era arte izango da ikusgai Aieteko Topalekuan. Ordutegiari dagokionez, 09:30etik 20:30era dago zabalik. Lantxabe Auzo Elkarteak Gipuzkoako argazkilari elkartearen laguntzaz antolatu du erakusketa.