"Torlojuekin lan egiten ariko bagina bezala ari gara lanean"
Joan den astean atera zen albistea: ikuskapen txosten baten arabera, Intxaurrondoko Txara I zahar etxean (Biharko enpresak kudeatzen du) egoiliarrek hamalau ordu igarotzen dituzte oheratuta eta ezer jan gabe. Hurrengo egunetan, arazoa «egiturazkoa» dela salatu zuen ELA sindikatuak. Zahar etxeetako egunerokoa hobeto ezagutzeko, hiru langilerekin hitz egin dugu: Rosi Gonzalezek hamar urte daramatza Txara I-en erizaintzako laguntzaile lanetan, Geraldine Ramirez erizaina duela hiru urte hasi zen Txara I-en lanean, eta Ana Sastre erizaintzako laguntzaileak 22 urte daramatza Txara II-n.
Nola jaso zenuten Txara I zahar etxeko albistea?
Ana Sastre (A.S.): Barruan gertatzen ari zenaren berri genuen, eta horregatik egin genuen salaketa. Beraz, salatutakoa ikuskapen txosten batean dokumentatuta ateratzea ezusteko pozgarri bat izan da. Hala ere, emaitza gazi-gozoa ere izan da; ez dutelako egia guztia esan, unean-uneko egoera bat dela diotelako.
Nola iritsi zineten salaketa egitera?
Rosi Gonzalez (R.G.): Zuzendaritzatik murrizketa ugari egiten ari ziren: hainbat txanda bertan behera uzten ari ziren, erizainak ez ziren egin beharrekoa egitera iristen, egoiliarrek hartzen zituzten zukuak kentzen zizkiguten, eta abar. Horren aurrean, Ana Sastre eta nire lankide bat Gipuzkoako Foru Aldundira joan ziren kexatzera.
A.S.: Txara I eta Txara II zahar etxeetan gertatzen ari zenaren inguruko salaketak egin genituen aldi berean, baina Txara II-ko ikuskapena eta txostena falta dira oraindik. Antzeko gauzak salatu genituen bi zentroetan, bereziki, murrizketen ingurukoak.
Geraldine Ramirez (G.R.): Egoiliarrentzako janarian, adibidez, murrizketa handiak egin dituzte.
R.G.: Egoiliarrentzako fardelak ere falta zaizkigu, besteak beste. Koronabirusaren aurkako materialari dagokionez, oraindik plastikozko poltsa moduko batzuk jantzi behar ditugu. Zuzendaritzatik esaten digute mantalak eskatu dituztela, baina ez dira inoiz iristen. Eta gauza bera gertatzen da petralekin: egoiliar batek berea zikintzen badu eta berri baten bila joaten bazara, ez dira inoiz egoten. Komuneko papera eta ahozapiak ere falta zaizkigu…
A.S.: Gainera, dena zenbatuta daukate, eta edozer gauza egiteko baimena eskatu behar dugu.
R.G.: Bestalde, egoiliar batzuei konpota batekin eman ohi diegu gauean dagokien medikazioa, baina orain hori egiten ere ez digute uzten. Konpotak ezkutatu behar izaten ditugu medikazioarekin eman ahal izateko…
G.R.: Izan ere, gauean errazagoa da medikazioa konpotarekin ematea, askotan erdi lo egoten direlako, eta konpotarekin hobeto sartzen zaielako.
Zuen egunerokoan eragin handia dute murrizketek?
R.G.: Noski. Esaterako, medikazioarekin batera jogurt bat emateko, erizainari deitu behar diozu jogurta eskatzeko, eta askotan ez dituzte izaten; denbora handia galtzen dugu. Lehen, Txara I Gerozerlanek zeramanean, ez zitzaigun hori inoiz gertatzen. Gauza batzuengatik ere kexatzen ginen, baina hozkailua beteta genuen beti. Orain, merienda orduko galletak eta tostadak ere zenbatuta dituzte.
A.S.: Txara II-n, gosariak emateko galleta pakete bakarra daukagu egunean; hau da, bakoitzak bost galleta, gurina, marmelada eta tetrabrikeko zuku bat gosaltzen du. Hori guztia hamalau orduz ohean eta ezer jan gabe egon ostean. Asko gosez gelditzen dira. Zuzendaritzara joaten gara horren berri ematera, baina berdin zaie, ahal dituzten gastu guztiak murriztu nahi dituztelako. Horrez gain, erabiltzen ditugun izara eta toalla guztiak ere zenbatuta dituzte. Egunero falta zaizkit toallak, ohegainekoak, burko zorroak eta horrelako gauzak, eta berri bat hartu behar dudan bakoitzean baimena eskatzeko deitu behar dut; horrela ezin da lanik egin. Bestalde, kafesnea zerbitzatzen dudanean, adibidez, bakoitzari bere esnea botatzen joaten naiz, eta azkenari pitxerreko azken tantak botatzen dizkiot. Eta ez dago gehiago.
Egoiliarrak kexatzen dira?
G.R.: Kognitiboki ondo daudenak kexatzen dira, noski. Esaterako, ikusten badute laranjak dituzula, beraiek ere nahi dutela esaten dizute eta eskatu egiten dizute. Ordea, zuk ezetz esan behar diozu, laranjak eta araututa dituzten egoiliarrentzako direlako soilik.
R.G.: Kexatzen diren askori, azkenean, laranja ematen bukatzen dugu, baina besteei zergatik ez? Azken finean, eskubide berdinak dituzte denek. Dutxarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da: astean behin dutxatzen ditugu, eta, gainontzeko egunetan, eskuzorro batekin garbitzen ditugu ohean bertan, ahal dugun moduan. Nire ustez, gutxienez bi egunean behin izan beharko luke; batez ere, ohean denbora asko pasatzen duten pertsonak direlako, batzuk inkontinenteak direlako, eta abar. Aldiz, esaten dizute, ‘garbitu ezazu eskuzorroarekin, eta zuk ikusi dutxa bat behar duen edo ez’. Nik ez nuke erabaki beharko pertsona bat dutxatu behar den edo ez, horrek araututa egon beharko luke.
A.S.: Eskuzorroa krema garbitzaile moduko batekin bustitzen dugu, eta eskuzorro bakarrarekin garbitzen dugu egoiliar bakoitza: alde batekin gorputza, bizkarra, hankak, eta abar garbitzen dizkiegu, eskuzorroari buelta ematen diogu, eta beste aldearekin genitalak eta ipurdia garbitzen dizkiegu. Hori astean sei egunez.
Bestalde, Txara II-n koronabirusaren agerraldi handi bat izan genuen duela urtebete, eta egoiliarrak konfinatuta egon ziren bi hilabetez. Denbora horretan, egoiliar batzuek bi hilabete pasa zituzten urarekin eta xaboiarekin garbitu gabe. Ikuskapen bat egon zen, eta aldundiak zuzendaritzari esan zion gutxienez astean behin dutxatu behar zirela egoiliarrak. Ordea, ez ziren berriz etorri arazoa konpondu ote zuten konprobatzera. Garai hartan, gelak ere ez zituzten garbitzen, erizaintzako laguntzaileoi lixiba pote bat ematen ziguten.
Eta zer gertatzen da zuk erabakitzen baduzu pertsona batek dutxa bat behar duela?
R.G.: Egoiliar hori gosarira beranduago iristen dela, eta bere atzetik garbitzen dituzunak ere bai. Gainera, egoiliar batzuentzat araututa dago dutxatzeko gutako biren laguntza behar dutela, agian garabi bat erabili behar duzulako. Horrek, noski, beste guztia atzeratzen du.
A.S.: Zuek behintzat araututa daukazue egoiliar batzuek bi langileren laguntza behar dutela dutxatzeko, guk hori ere ez daukagu. Gutako batek bakarrik egin behar ditu dutxak beti. Horrek eragiten duena zera da: egoiliarra goxo mugitu ordez, ahal dugun moduan mugitzen dugula. Lana aurrera ateratzen dugu? Bai. Nola egiten dugu? Berdin zaie, kontua da lana aurrera ateratzea.
R.G.: Esan beharra dago, hala ere, egoiliarrak ondo zainduta ditugula. Ditugun baliabideekin, ahal dugun guztia egiten dugu, eta geure burua sakrifikatzen dugu egoiliarrak ondo zainduta egoteko.
Txara I-eko ikuskapen txostenak jasotzen zuen ez zegoela fisioterapeutarik. Orain badaukazue?
R.G.: Oraindik ez dute jarri, eta ez dute enpresa zigortu ere. Biharko sartu bezain laster, geneukan fisioterapeuta kendu ziguten, eta, Txara II-n, esaterako, ez da inoiz egon fisioterapeutarik. Aldundiaren arabera, aldiz, fisioterapeuta bat egon behar da zahar etxeetan.
Txosten horretako datu adierazgarrienetako bat honakoa da: egoiliarrek hamalau bat ordu ematen dituzte oheratuta eta ezer jan gabe.
A.S.: 19:00etan hasten gara afariak ematen, eta, nire kasuan, 19:15ean lehenengo egoiliarra oheratzen egoten naiz. Hau da, afaria eztarrian dauka oraindik, baina oheratzen joan behar duzu, bestela ez zarelako denetara iristen. Bitartean, beste lankide bat jantokian gelditzen da gainontzekoei afariak ematen, eta bukatzen doazen heinean oheratzen ditugu. Batzuek lehenengo eta bigarren platerak eta postrea aldi berean zerbitzatzen dizkiete, baina hori ez da lan egiteko modua. Lehenengo platera zerbitzatu beharko genuke, bukatu arte itxoin, ondoren bigarrena, eta abar. Hori denekin egiten badugu, ordea, ez gara denak hurrengo txandakoak iritsi aurretik oheratzera iristen.
R.G.: Gure kasuan, 19:00etan hasten gara janaria ahoan eman behar zaienei afariak ematen, eta 19:15ean ematen diegu gainontzekoei. Bestalde, guk jarri eta kendu behar ditugu mahaiak, eta 19:45erako dena jasota izaten dugu, egoiliarrak oheratzen hasteko; pentsa nola ematen diegun afaria.
Joan den astean salatu zenuten kasu batzuetan hamalau ordu baino gehiago ere izan daitezkeela.
G.R.: Erizaintzako laguntzaile batek erabakitzen badu egoiliar bat dutxatzea, haren ondoren garbitu behar dituenak beranduago altxako ditu ohetik. Beraz, hamalau ordu izan daitezke batzuentzat, beste batzuentzat hamabost, eta abar. Era berean, erizainok sendaketaren bat egin behar badiogu egoiliar bati, horrek ere ondorengoen artatzea atzeratuko du. Izan ere, erizain bakarra egoten da sendaketa guztiak egiteko. Erizaintzako laguntzaile lankide batekin batera lan egingo banu, azkarrago egingo nuke nire lana, baina berea atzeratuko nuke.
A.S.: Egoiliarrak ohetik altxatzen hasten garenean, gelaz gela joan behar dugu, eta hamabost minututan gauza asko egin behar ditugu bakoitzarekin: pertsiana igo, egoiliarra ohetik altxatzen lagundu, garbitu, komunera eraman bere eginkariak egitera… Askotan, garbiketa egiten diegun bitartean komunean eseritzen ditugu, eta denbora tarte horretan bere eginkariak egiten baditu, primeran; bestela, gainontzeko eginbeharrekin jarraitzen dugu. Eta dutxa tokatzen bazaie, gurekin pixka bat hitz egiteko denbora dute. Bestela ezta hori ere; tratu pertsonala alde batera gelditzen da. Hori ez da duina.
G.R.: Gainera, hori guztia mendekotasuna duten egoiliarrekin egin dezakete, azken finean zuk maneiatzen dituzulako. Baina kognitiboki ondo daudenak askoz zorrotzagoak dira, eta ezin dituzu horrenbeste maneiatu; beraz, denbora gehiago behar duzu horiekin.
Erizaintza zerbitzuei dagokienez, zenbat erizain egoten zarete txanda bakoitzean?
G.R.: Goizeko txandan bi erizain egoten gara: koordinatzailea eta beste bat. Arratsaldean, aldiz, erizain bakarra egoten da. Horrez gain, lehen, erizain gehigarri bat ere izaten genuen ordu batzuez sendaketa gehienak egiten genituen egunetan. Orain, ordea, hori kendu digute, diotenez, ratioengatik. Horrela, goizeko txandako lehenengo orduetan erizain batek bi solairu hartzen ditu eta besteak beste bi. Ondoren, 11:00etatik aurrera, koordinatzailea bere administrari lanak egitera joaten da, eta zu bakarrik gelditzen zara sendaketak egiteko. Lana aurrera ateratzen dugu, baina leher eginda amaitzen dugu.
Egoiliarrek tratu gizatiarra ere eskatuko dute, ezta?
R.G.: Noski, bakarrik daudela sentitzen dutelako. Askotan, eurengana joateko eskatzen dizute, eta esaten diozu ezin duzula, benetan ezin duzulako.
A.S.: Torlojuekin lan egiten ariko bagina bezala ari gara lan egiten, lantegi bateko ekoizpen prozesuan lan egiten den moduan. Batzuetan, ordea, arreta gehiago eskatzen digute, baina ezin dugu. Egoiliar askok ‘denbora guztian korrika zabiltzate!’, esaten digute. Hain zuzen, ‘itxaron, orain ezin dut!’, da gehien errepikatzen dugun esaldia.
G.R.: Egoiliarrek esaldi hori gorroto dute dagoeneko.
Nola eragiten dizue fisikoki eta psikologikoki?
R.G.: Oso nekatuta bukatzen duzu. Izan ere, egoiliarrek arreta handia eskatzen dute, gehienak ez daudelako ondo. Gainera, adi egon behar duzu istripuak saihesteko.
G.R.: Azkenean, fisikoki eta psikologikoki leher eginda iristen zara etxera, eta, gainera, zure lana ondo egin ez duzula sentitzen duzu. Lanaldia amaitzen dudanean, askotan iruditzen zait gauza batzuk egiteke gelditu zaizkidala, nahiz eta egin beharreko gauza guztiak egin ditudan. Horren modu automatikoan egiten dugunez dena, sentsazio hori izaten dugu. Tristea da, azken finean pertsonekin ari garelako lan egiten, eta gure arreta eta laguntza nahi dute pertsona horiek. Nik erizaintza ikasi nuen jendea lagundu nahi nuelako.
Egoiliarrentzako euren familia gara, eta, pandemia garaian, denbora askoan ikusi dituzten pertsona bakarrak izan gara. Eta, kasu askotan, ikusi ere ez, maskararekin eta erabat estalita ikusten gintuztelako. Beraiek asko sufritu dute. Orain askoz gehiago hurbiltzen gara, baina denbora luzez ezin izan ditugu ukitu ere egin. Askok beste pertsona baten kontaktua behar dute, eta eskua hartu nahi zizutenean zuk kendu egin behar zenuen.
A.S.: Fisikoki eta psikologikoki daukagun zama horrek bere ondorioak ditu. Ziurrenik ez duzu epe motzean nabarituko, baina, agian, hemendik bost urtera esfortzu txiki bat egingo duzu eta izorratuta geldituko zara. Zergatik? Gehiegizko esfortzua egiten dugulako lana aurrera ateratzeko, gure fisikoaren eta buruko osasunaren kontura.
R.G.: Horregatik, hain zuzen, ez dugu soilik gure lan baldintzak hobetzeko eskatzen; egoiliarren bizi kalitatea hobetzeko ere bai.
Noiztik gertatzen da hori guztia?
A.S.: Txara II-n lanean daramatzan 22 urteetan Biharkoren mende izan da, eta torlojuekin lan egingo bagenu bezala egin dugu lan beti. Ordea, azken urteotan atzeraka joan gara, lehen ez baitzeukaten materiala horren zenbatuta.
Senideek badakite zahar etxeetan zer gertatzen den?
A.S.: Nik uste dut askok ez dakitela. Kexatzeko gai diren egoiliarren senideek jakingo dute, baina, adibidez, dutxaren kontuarengatik kexatzen badira, zuzendaritzak kexatzen diren horiek egunero dutxatzeko agintzen du eta listo. Tristea da langileok hau guztia kontatu behar izatea, erakunde publikoak izan ordez zahar etxeetan gertatzen dena kontrolatzen dutenak.
Izan ere, enpresa pribatuak dira zahar etxeak kudeatzen dituztenak, baina aldundiak jartzen ditu baldintzak eta dirua.
A.S.: Diru publikoarekin kontratatutako zerbitzu bat baldin badaukazu, gutxienez kontrolatu beharko duzu, ezta? Kontrolatuko balute, ikusiko lukete gaur egungo ratioekin ezinezkoa dela lana behar bezala antolatzea. Hain zuzen, azkenaldian gertatutakoarekin, enpresak mugitzen hasi dira eta aldaketa batzuk egin dituzte. Esaterako, Txara II-n, proba moduan, gosariak 08:00etan ematen hasi dira, aurretik egoiliarrak garbitu gabe. Eta kontuan izan behar dugu egoiliar asko inkontinenteak direla, adibidez. Zuri gustatuko litzaizuke oraindik pixez eta kakaz zikinduta zaudenean gosaria ematen hastea? Nola antolatuko dituzu gauzak beste modu batean langile gehiago kontratatu gabe?
Gauza bera gertatzen da zahar etxe guztietan?
A.S.: Zahar etxe guztietan egoera berdinak ematen dira, aldundiak ezartzen dituen baldintzekin ezin delako lana beste modu batean antolatu. Aldundiak, gainera, badaki zer gertatzen den. Eta esan behar da ez direla gauza larriagoak gertatzen langileak egoiliarren gainean gaudelako une oro. Egoiliarrak gure aitona-amonak izango balira bezala tratatzen saiatzen gara, denak iritsiko garelako adin horretara.
Pandemiarekin gauzak okerrera joan dira?
A.S.: Lan kargari dagokionez, asko areagotu da. Birusaren aurkako protokoloak bete behar izan ditugunez, denbora gehiago behar izan dugu gauza asko egiteko.
252 greba egun egin dituzue. Nola daramazue?
R.G.: Oso gogorra izaten ari da, amaiezina izaten ari delako. Gainera, greba egunetan zerbitzu minimoak %100ean jartzen dizkigute. Non gelditzen da grebarako eskubidea?
A.S.: Aldundiak greba batean zerbitzu minimoak %100ean ezartzen baditu, onartzen ari da egunero zerbitzu minimoetan ari garela lan egiten.
Zer neurri behar dira egoera honi buelta emateko?
A.S.: Ratioak handitu behar dira. Gaur egun, egoiliar bakoitza ordu eta erdiz zaintzen dugu batez beste. Guk esaten dugu gutxienez bi orduz zaindu beharko genituzkeela egunero, eta ELAk egindako azterketa baten arabera, langile kopurua %30 handitu beharko litzateke horretarako.
Bukaerara arte borrokatuko duzue?
A.S.: Duela lauzpabost urte, borrokatzen hasi ginenean, argi genuen zergatik ari ginen borrokatzen. Bagenekien zaila zela jendeari ulertaraztea zahar etxeetan bizitzen ari ginena, baina uste dut lortu dugula gizarteak gure egoera ulertzea. Honek guretzako kostu bat ere badauka, batzuetan bulegora eramaten zaituztelako, ‘begira zer esan duzun hemen’ esaten dizutelako, eta abar. Hala ere, bukaerara arte jarraituko dugu, eta gure helburua beteko dugu!