Arte Ederren eraikineko lanak geldiarazi ditu epaitegi batek
Donostiako Auzi Administratiboen 3. Epaitegiak aintzat hartu du Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak joan den astean jarritako salaketa, eta Arte Ederren eraikinaren barrualdeko lanak geldiarazi ditu. Izan ere, Ancorak berak ostegunean zabaldutako bideo batean ikusten den moduan, joan den astean hasi zituzten eraikin historikoaren barrualdeko lanak, bertan hotel bat egiteko. EHOBPBn babestutako eraikina da Arte Ederrena, eta Ancoraren arabera, Eusko Jaurlaritzak monumentu gisa katalogatuta dauka; horregatik, salaketa aurkeztu zuten joan den astean, lanak modu kautelarrean geldiarazteko ez ezik, udalak SADEri –eraikinaren jabea da– eraikinean jarduteko emandako lizentzia bertan behera uzteko eta eraikinak EHOBPBn duen fitxa berrikusteko eskatuz.
Lanak geldiarazteko froga nahikoak daudela deritzo epaitegiak, Ancoraren bideoan ikusten delako “barrualdeko eraisketa lanak hasi direla”. Asteazkenetik aurrera, udalak eta SADEk hiru egun izango dituzte alegazioak aurkezteko. Aurreikus daiteke alegazioak aurkeztuko dituztela, udalak SADEri emandako lizentzia Eusko Jaurlaritzak 2017an ebatzitakoan oinarritzen da, besteak beste. Hain zuzen, Jaurlaritzak berak 2015ean monumentu gisa katalogatu zuten eraikina, baina 2017an, EAEko Justizia Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion SADEri, eta eraikina oso egoera txarrean zegoela ebatzi zuen, eta aipatu katalogazioa kendu zioten.
Elkarrekin Donostiaren interpelazioa
Elkarrekin Donostiaren udal taldeak jakinarazi du Arte Ederren eraikineko lanen inguruan galdetuko diola udal gobernuari, Espazio Publikoaren, Obren eta Hiri Zerbitzuen hurrengo batzordean. Hain zuzen, Aitzole Araneta bozeramaileak udal gobernuari galdetuko dio ea egiaztatu duen obran zehar legea betetzen den. “Era berean, kontuan hartuta EHOBPB planaren legezkotasuna ebatzi behar dela oraindik –plan horren aurka Elkarrekin Donostia bakarrik agertu zen– Aranetak zalantzan jarriko du zergatik eman zaion argi berdea Arte Ederrak eraisteari”, gaineratu du oposizioko taldeak. Bestalde, gogorarazi dute duela urtebete baino gehiago zinegotzi ordezkariak adierazi zuela ez zutela eraikina eraitsiko, eta nabarmendu dute galdetuko dutela “ea zeintzuk izan diren tokiko gobernuak jarrera aldatzeko eta lizentzia emateko arrazoiak”.