Iztuetako trenbideko lanak aurrera doaz
Aurreikusita zegoen moduan, Iztuetako trenbidearen zubi berria kokatzeko lanak larunbatean hasi zituzten, eta urriaren 12ko zubia aprobetxatuz, bihar arte iraungo ariko da horretan lanean. Irailean iritsi zen zubiaren egitura metalikoa, eta lanak iraun bitartean ezin direnez trenak pasa, urriko zubi hau aprobetxatu dute. Egitura patinen eta kantuen bidez irristatuta kokatu dute dagoeneko, eta langileak katenariak jartzen dabiltza orain.
Katenariekin bukatzean eta zubiaren karga proba egin ostean, trenen zirkulazioa berreskuratuko dute asteazkenean. Hala ere, ez dute guztiz berrezarriko zirkulazioa; hilaren 13tik aurrera, 30 kilometro orduko abiadura muga izango dute trenek tarte horretan, eta azaroaren 6an berrezarriko dute ohiko zirkulazioa. Orduan hasiko dira hondeaketa lanekin, trenbidearen azpitik joango den pasabide berria eraikitzeko. Gerora egingo diren urbanizazio lanak aintzat hartuta, obra guztia 2022ko apirilerako bukatua egotea aurreikusten du udalak.