Isunak jarriko dizkiete Kontxako pasealekua baimenik gabe zeharkatzen duten ibilgailuei
Kontxaren inguruan egiten ari diren lanak direla eta, irailaren 28tik errei bakarra dago Kontxako pasealekuko galtzadan, eta garraiobide publikoak, taxiak, motorrak eta larrialdietako ibilgailuak soilik ibili daitezke handik. Semaforo alternatibo batzuekin ari dira alde bateko eta besteko zirkulazioa arautzen, eta itxieraren egunetik, mugikortasun agenteak dabiltza soilik baimendutako ibilgailuak pasatzen direla kontrolatzen. Datorren astelehenetik, hilaren 18tik, aurrera, ordea, mugikortasun agenteak ez dira han egongo, eta pasealekua baimenik gabe zeharkatzen duten ibilgailuei isunak jarriko dizkiete egun horretatik aurrera.
Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak azaldu duenez, mugikortasun agenteek “informazio lana” egin dute asteotan gidariekin, baina “egokitzeko epe horren ondoren”, isunekin hasiko dira. Era berean, gaineratu du murrizketak “garraio publikoaren maiztasuna eta zerbitzu ona babesteko” egin direla. Horrez gain, udalak gogorarazi du hiriko hamaika tokitan mozketaren berri ematen duten eta ibilbide alternatiboak adierazten dituzten seinaleak jarri dituztela.