Lindy hopa Antiguako merkatura itzuli da
Azken urte eta erdian, pandemia dela eta, osasun eta segurtasun neurri ugari izan dira indarrean, koronabirusaren hedatzea gelditzeko helburuarekin, pertsonen arteko kontaktua ahalik gehien saihesteko. Eragin ugari izan ditu horrek, eta, besteak beste, orain arte ezin izan da dantzaldirik egin. Donosti Lindy Hop Dantza eta Kultur Elkarteari zuzenean eragin dio horrek, izenak berak dioen moduan, dantza baita elkartearen jardunaren ardatza.
Hain zuzen, pandemia heldu aurretik, jazz eta swing doinuak entzuten ziren igandero Antiguako merkatu zaharrean, elkarteak lindy hop dantzaldiak —jazz eta swing musikarekin dantzatzen den estiloa— antolatzen baitzituen. Iazko martxoan egin zuten azkena, baina osasun larrialdia eta COVID-19aren aurkako neurri gehienak bertan behera utzi ondoren, lindy hopa merkatura itzuli zen atzo. Elkarteak bere Facebookeko orrialdean argitaratu zuen bideo batean ikus daitekeen moduan, maskara jantzita ere, dantzariak giro ederrean aritu ziren.