Ancorak dio ez duela onartuko "Donostia suntsitzen jarraitzea"
Joan den astean Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak Arte Ederren eraikinaren barrualdeko lanak “ezkutuan” hasi zirela salatu ostean, lanak geldiarazi zituen Donostiako epaitegi batek, eta Ancorak eraikinaren inguruko prentsaurrekoa eskaini du gaur udaletxean, EH Bilduren eta Elkarrekin Donostiaren babesarekin. Bertan, nabarmendu dute udalak badituela SADEk eraikinean duen proiektua –hotel bat egingo dute– gelditzeko “tresna juridikoak”, eta horregatik, udal gobernuari eskatu diote lanak geldiarazteko eta SADEri eraikinean jarduteko baimena emateko erabakian atzera egiteko, “basakeria” hori bertan behera uzteko.
“Lanak ezkutuan eta ateak itxita hasi zituzten, eta hondakin ugari bota zituzten besaulki patio zaharrean”, azaldu du Ancorako Alberto Fernandez D’Arlasek, eta gaineratu du “eraisketa” udalaren lizentziak ezarritako hainbat baldintza bete gabe hasi zuela SADEk, esaterako, “beharrezko hesiak jarri gabe”. Hori ikusita, nabarmendu du Ancorak salaketa jarri zuela Udal Ordenantzen Kontrolerako Unitatean eta Udaltzaingoak eraikinean gertatzen ari zenaren inguruko txosten bat egin eta Hirigintza departamentura bidali zuela. “Zinegotziak, ordea, –Nekane Arzallus da Hirigintza zinegotzia– ez zuen inolako neurririk hartu, eta orain arte, ez digu inolako azalpenik eman”. Horregatik, epaitegietan “eraisketa berehala gelditzeko” eskatu zuten, eta epaileak hala egin zuen, modu kautelarrean: “Oso gutxitan hartu ohi den salbuespenezko neurri bat da. Zalantzarik gabe, bere erabakian [epailearenean] eragingo zuen eraikinaren berezitasunak, Monumentuen eta Tokien Nazioarteko Batzordearen alerta bat duen Espainiako Estatuko eraikin bakarra baita”, esan du Fernandez D’Arlasek. Izan ere, gaur egun, batzorde horren hemezortzi alerta daude aktiboan mundu osoan, tartean Arte Ederrena, eta Ancorakoek nabarmendu dute “mendebaldeko gizarte garatuetan nazioartean prestigioa duten halako erakundeen alertak nahikoa” izaten direla “espoliazioa edo ondarearen suntsiketa” geldiarazteko.
Bere salaketan, Arte Ederren eraikina 2015ean monumentu gisa katalogatu zutela nabarmentzeaz gain, eraikina bere osotasunean babesteko beste hainbat argumentu eta aurkeztu dituztela adierazi dute: “Idatziak hemezortzi dokumentu gehigarri ditu”. Horrela, gogorarazi dute azken urteotan hiriko hainbat etxe eta eraikin historiko “eraitsi” eta “sistematikoki hustu” dituztela, baina Arte Ederren eraikinarekin “marra gorri guztiak” hautsi dituztela, Donostiako “eraikin zibil baliotsuena” delako eta hiriaren “sinbolo bat” delako. Era berean, hiriko ondarea babesteko xedea duen EHOBPB plana kritikatu dute, eraikin gehienek D mailako babesa dutelako; hau da, soilik fatxada dutelako babestuta. Antzeko zerbait gertatzen da Arte Ederren eraikinarekin, eta salatu dute SADEren proiektua aurrera eramanez gero, “jatorrizko eraikinaren %20” baino ez dutela mantenduko.
“Dirudienez, udalak ez dauka ideia argirik hiri honentzat, bere eraikin historiko onenak suntsitzeaz eta Donostia pintxoaren eta hondartzaren jolas parke batean bihurtzeaz gain”, salatu dute Ancorakoek, eta gaineratu dute “beharrezkoa bada” eraikina babesteko mobilizazio gehiago antolatuko dituztela; duela bi aste inguru, manifestazio jendetsua egin zuten.