Atotxako geltokiko oinezkoentzako behin-behineko pasabidea ireki dute
Egia eta Erdialdea lotzen dituen Atotxako geltokiko pasabidea ireki dute gaur. Sarbide berria azpiko pasabidearen ordezkoa izango da. Bi asteko epean bi sarbideak martxan izango dira eta, ondoren, azpiko pasabidea itxiko dute.
AHTaren geltokiko lanekin aurrera jarraitzeko eraiki dute goiko pasabidea. Izan ere, trenaren hiru terminaletatik lehena eraikitzen hasiko dira azpiko pasabidea itxi orduko. Ekaina bukaeran hasi ziren goiko behin-behineko pasabidea jartzen. 51,2 metroko luzera eta 3 metro zabalera du. Pasabidearen Egiako sarbidea Blas de Otero plazaren ondoan dagoen trenbide plataformaren ertzean dago. Aldiz, Erdialdeko sarbidea Frantzia pasealekuaren 21. zenbakian, Terminus hotelaren ondoan. Bi sarbideetan eskailerak eta igogailua daude –Egian 5,6 metroko desnibela gainditzen du eta Erdialdean 7,3 metrokoa–.
Egiako azpiko pasabidea ixteak trenbide plataformaren Tabakalera aldean behin-behineko geltokia eraikitzeko lanak osatzea ahalbidetuko du. Atotxako geltokia birmoldatzeko lanak bukatzean, Egiako azpiko pasabidea handituko da, eta ohiko sarearen eta abiadura handiko nasetara sartzeko atari berrien arteko lotura egingo dute.