Urrian hiru bisita gidatu egingo dituzte Artikutzara, igandean hasita
Donostiako Udalak hainbatetan antolatzen ditu bisita gidatuak Artikutzan, eta igandean, hilaren 17an, egingo dute aurtengo udazkeneko lehena. Artikutzako herritik bertatik aterako da, eta Urdallueko burdinola zaharrera abiatuko dira, ondoren buelta eguteratik egiteko harizti eta pinudien artean. Bederatzi kilometroko luzera izango du ibilaldiak eta elebitan eskainiko dituzte azalpenak. Lehen ibilaldirako edukiera beteta dago jada.
Hurrengo bisita gidatua hilaren 24an izango da, eta Eskasetik Elutsaraino joango dira, ibilbide zirkular batean. Horrek ere bederatzi kilometroko luzera izango du eta elebitan izango da. Izen-ematea zabalik dago.
Urriko azken bisita hilaren 31n izango da, eta zortzi kilometroko luzera izango du (hau ere elebitan izango da). Arriurdiñetako harrobian hasiko dute ibilaldia, Artikutzako hegoaldeko sarreran. Elamako burdinolaraino eta baserriraino jaitsiko dira, eta ibaia jarraituz, Goizarinera iritsiko dira. Hortik, pagadi trinko batetik igoko dira, eta abiapuntura itzuliko dira. Ibilaldi horretan, mikologian aditua den pertsona bat egongo da, eta onddoen eta perretxikoen inguruko azalpenak eskainiko ditu. Honen izen-ematea ere zabalik da.