Etorkizunera itzultzeaz hausnartuko dute Donostiako Berrikuntzaren Astean
Hilaren 18tik 22ra egingo dute 8. Donostiako Berrikuntzaren Astea, DSS Weekinn izenez ezaguna. Zientzia, teknologia, hezkuntza eta enpresa alorrean adituak diren 45 pertsonatik gora bilduko ditu berrikuntzaren asteak. Etorkizunera itzultzea izango da leloa eta aurtengo astearen gaia.
Transformazio soziala eta ekonomikoa eragiteko eta koronabirusak sortutako krisiari aurre egiteko, berrikuntza funtsezko elementutzat jotzen duen hiri erreferente bihurtuko da Donostia. DSS Weekin Donostiako Udalaren Sustapen Ekonomikorako Zinegotzigoak antolatzen du eta Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin. Programazio osoa Sustapenaren webgunean ikus daiteke, eta jardueretarako izena-emateak egin daitezke.
50 erakunde inguruk aktiboki parte hartuko dute, eta bizi dugun gizartearen eredu berriari buruz ariko dira. Ekitaldi irekia izango da eta publiko guztientzat dago pentsatuta. Besteak beste, ondorengo jarduerak antolatu dituzte: Talentuaren Azoka –Donostiako punta-puntako 55 enpresak eta erakundek baino gehiagok 200 lanpostu kualifikatu eskainiko dituzte hiriko gazteentzat–; adituen jardunaldiak enpresentzat, hezkuntza eremuarentzat, ikertzaileentzat, ekintzaileentzat eta abar; herritarrentzako jarduerak, esaterako, aire libreko erakusketa bat Alderdi Ederren; zinema; eta kale ikuskizunak edo berrikuntzaren arloan gaurkotasuna duten alderdiei buruzko solasaldiak.