Genozidioaren Biktimen Elkarteak "egia eta justizia eraginkorra" lortzeko neurriak eskatu dizkio udalari
Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkarteak bilera egin du gaur Eneko Goia buru duen Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzordearekin. Han izan dira elkartearen izenean Pilar Pingarron presidentea, Iñaki Indaberea idazkaria eta Gotzon Garmendia aholkularia.
Bilera eskaera abuztuaren 6an egin zuen elkarteak, udalari atxikitako langile eta funtzionario publikoen artean izandako biktimen zerrenda baten inguruan egindako ikerketen emaitzak azaltzeko. Biktima horiek 1936ko irailaren 13an hiriaren okupazio militarraren ondorioz hil zituzten, 1936ko uztailaren 18an estatu kolpe militarra jo zuten militarrengatik. “Gure elkarteak aurreko hilabeteetan egindako ikerketaren emaitzen laburpena aurkeztu du. Kontsultatutako datu baseen artean, garrantzitsuenak aipatzearren, izaera publikoa dutenak daude; hala nola, Gogora Institutuarena eta Donostiako Udalarena (erabat elikatzen baita hartaz), beste datu base pribatu bat, Euskal Memoriarena kasu. Horrekin batera, hiriak eta Hego Euskal Herri osoak jasandako errepresioa aztertzeko argitalpen espezifiko ugari ere erabili dira”.
Egindako lanaren helburua “egia eta justizia eraginkorra” lortzea dela azaldu dute, eta horretarako, udalari ondorengo neurriak hartzea proposatu diote. Lehenik, udalak bulego publiko bat irekitzea, bertan metodologia objektiboen arabera dokumentuak eta ahozko testigantzak biltzeko, froga horiek guztiek balio historiografikoa eta juridikoa izan dezaten; eta, horrela, benetako justiziarako eskubideaz baliatu nahi duten senitartekoek, halako prozesu judizialetan eskatzen diren baldintza metodologiko eta artxibistikoak beteko dituzten tresna dokumentalak eskura izan ditzaten.
Bigarrenik, dokumentazio horren guztiaren zaintza eta kudeaketa publikoa izatea, eta horrek eskatzen du Donostiako Udal Artxiboa izatea haren gordailuzaina. Horretarako, atal espezifiko bat sortzea beharrezkoa ikusten dute, dokumentazio hori guztia jaso, sailkatu, antolatu eta katalogatzeko lanak egin ahal izateko. Hirugarrenik, eskatu dute Donostiako Udala, atzerapen gehiagorik gabe, kereila jartzaile gisa agertzea dagozkion epaitegietan, 1936ko uztailaren 18an militar kolpistek eta haiekin elkarlanean aritu ziren indarrek udal langile eta funtzionarioen kontra burututako gizateriaren aurkako krimenengatik. Laugarren eta azkenik, hau guztia lehen pausoa izan dadila, Donostia militarki menperatzeko ahaleginetan egindako sarraskien ondorioengatik, eta urte bereko irailaren 13an hiria okupatu ostean Donostiarrok jasan genuen giza eskubide guztien bortxatzearen ondoriozkoengatik beste kereila jartzeko.