Osakidetzak COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia eskainiko die 70 urtetik gorakoei gripearenarekin batera
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gripearen aurkako txertaketa kanpaina aurkeztu du. Urriaren 18an abiatuko du Osakidetzak txertaketa kanpaina, eta 65 urte edo gehiagokoak, patologia kronikoren bat dutenak, haurdun dauden emakumeak, osasun arloko profesionalak, gizarte zerbitzuetako langileak eta familiako zaintzaileak, eta zahar etxeetan bizi direnak hasiko dira txertatzen.
Osakidetzako webgunearen bidez, edo osasun zentrora deituta eskatu daiteke txertxoa jartzeko ordua. Gainerako herritarrek azaroaren 15etik aurrera izango dute ordua eskatzeko aukera.
Gripearen aurkako kanpainarekin batera, COVID-19aren txertoaren hirugarren dosia jasotzeko aukera eskainiko da. Sagarduik azaldu duenez, Osakidetzak COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia ematea eskainiko du “gripearenarekin batera, bi baldintza betetzen badira: 70 urte edo gehiago izatea edo koronabirusaren aurkako txertoa duela sei hilabete baino gehiago jaso izana”.
Sagarduik gripeari aurre egiteko prebentzio neurriak betetzea garrantzitsua dela azpimarratu du: eskuak garbitzea, jendetza saihestea, espazio itxiak aireztatzea eta maskara erabiltzea, besteak beste. Maskararen erabilera nabarmendu du bereziki, “funtsezkoa izan zelako” iaz birusa hedapena gelditzeko. Zentzu horretan, maskara erabiltzeko eskatu die herritarrei, “bereziki espazio itxietan eta gripearen sintomak izanez gero”.