Elena Odriozolak Bratislavako Ilustrazio Biurtekoaren Sari Nagusia irabazi du
Elena Odriozola ilustratzaile donostiarrak irabazi du Bratislavako (Eslovakia) Ilustrazio Biurtekoaren Sari Nagusia: Grand Prixa. Sentimientos encontrados (Gustavo Puerta Leisse, Ediciones Modernas El Embudo, 2019) libururako egindako ilustrazioengatik izan da saritua Odriozola. Euskal ilustratzaile batek sari hau eskuratzen duen lehen aldia da.
Sari Nagusia mundu mailan haur liburu ilustratuei ematen zaien sari ospetsuenetariko eta zaharrenetarikoa da, eta Bratislavako Biurtekoa haurrentzako eta gazteentzako liburuen ilustrazioen nazioarteko erakusketa entzutetsua da. Eslovakiako Errepublikako Kultura Ministerioak, Unescoren Eslovakiako Batzordeak eta Haurrentzako Nazioarteko Arte Etxeak antolatzen dute, eta nazioarteko adituek osatutako epaimahai batek erabakitzen du sariduna.
Ediciones Modernas el Embudo argitaletxe sortu berriaren lehendabiziko alea izan zen Gustavo Puerta Leisse eta Elena Odriozolak elkarlanean sorturiko Sentimientos encontrados (2019) liburua. Kaleratu eta berehala Juan Kruz Igerabidek euskeratu zuen Etxean barrena izenburuarekin.
Liburuak beste aipamen batzuk ere jaso ditu jada, hala nola: Municheko Nazioarteko Liburutegiak argitaratzen duen White Ravens katalogoan aipatua izan zen 2020an eta Banco del Libro erakundeak (Venezuelako IBBY) egin zuen 2020ko Liburu Onenetan Kontzeptu Berritzailea aipamena eskaini zion.
Elenea Odriozolak 100 liburu baino gehiago ilustratu ditu eta sari eta aipamen ugari jaso ditu azken urteetan. Esaterako, bitan jaso du Euskadi Saria, 2009 eta 2013, eta 2015ean Estatu espainiarreko Sari Nazionala eta Bratislavako Biurtekoan Urrezko Sagarra irabazi zituen.