Kaleratze arriskuan dauden Intxaurrondoko eta Hernaniko sei familiek ez dituzte giltzak entregatuko
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak elkarretaratzea egin du Andia kalean, Eusko Jaurlaritzaren delegaritzaren aurrean. Asteazkenean Donostiako Intxaurrondo auzoko eta Hernaniko sei familia “zaurgarri” kaleratze arriskuan daudela salatu zuen, eta gaur, alokairu sozialeko etxebizitza bat esleitu arte etxebizitzetan geratuko dutela adierazi dute.
Intxaurrondoko eta Hernaniko sei familiak Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipaziorako eraiki zituen etxebizitza txikietan (32 eta 45 metro koadro artekoak) bizi dira. Etxe horietako alokairu kontratuak bost urtekoak dira, eta ezin dira luzatu. Horrela, sei familiei kontratuak bukatu zaizkie, eta Jaurlaritzaren jakinarazpenak jaso dituzte, giltzak azaroaren eta urtarrilaren artean entregatzeko eskatuz. Apartamentua husteko eta kalte-galerengatik kalte-ordainak kobratzeko beharrezko tramiteak hasiko dituztela jakinarazi diete.
Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Higiezinen eskaintzari buruzko 2. hiruhilekoko inkestaren arabera, Gipuzkoako alokairuen batazbestekoa 1.138 eurokoa da. Plataformako kideek, familia horiek diru sarrera urriak dituztela, egoera zaurgarrian daudela eta bataz besteko hori ordaintzeko gai ez direla nabarmendu dute. “Denek eskubide subjektiboa eskatu dute, baina ezezkoa eman diete kide bat, bi eta hiru kide edo gehiagoko familia-unitateentzat, hurrenez hurren, 9.000, 12.000 eta 15.000 euro gordineko mugetatik diru-kopuru ziztrinengatik gainditu dituztelako”. Muga hauek 2015eko Euskadiko Etxebizitzaren Legeak finkatzen ditu eta plataformako kideen hitzetan “guztiz zaharkituak daude”, indarrean dagoen gutxieneko lansaria 13.512€koa den heinean.
Amal, Sandra eta Juan Andresen familien kasuan, hurrenez hurren, 675 eurotan 15.000 euroko muga, 839,42 eurotan 12.000 eurokoa eta 426,60 eurotan 9.000 eurokoa gainditu dituztelako ukatu diete eskubide subjetiboa. Alokairuaren prezioen espekulazioa mugatu, alokairu sozialeko etxebizitza gehiago eraiki edo etxebizitza hutsei kanona aplikatu beharrean, Eusko Jaurlaritzak sei familia zaurgarri hauek kaleratu nahi dituela salatu dute, eta alokairu sozialeko etxebizitza gehiago eskaintzeko eta alokairuaren gehiegizko prezioak mugatzeko eskatu diote.
Mobilizazioaren amaieran, idatzi bat erregistratu dute delegaritzan, giltzak entregatuko ez dituztela eta euren etxebizitzetan geldituko direla adierazteko, “inolako zigorrik onartu gabe eta Alokabideren edo Bizigunen alokairu sozialeko etxebizitza egonkor bat adjudikatu arte”.