«Niri gehien gustatzen zaidana natura marraztea da: animaliak eta landareak»
Loiola Apain egitasmoak hainbat artista gonbidatu ditu azken urteotan Loiolara, auzoko hormak margotzeko. Azken gonbidatuetako bat izan da Aitziber Alonso Pikabea ilustratzaile donostiarra, eta bere lehen horma irudia egiteko aukera izan du.
Guztira hamalau horma irudi egin dituzte Loiola auzoan, eta guztiek Urumea ibaiarekin dute lotura. Auzoa bera ibaiaren parte da, eta baita bertako ingurugiroa ere. Aitziber Alonso Pikabea izan da egitasmoko azken gonbidatuetako bat, eta ibaiko animaliak irudikatu nahi izan ditu Ernio kaleko horman, Ardube tabernaren ondoan.
Alonso ilustratzailea da, eta urte asko igaro ditu mundu horretan. Hala ere, beste hainbat gauzetan ere aritu da. Galtzagorri Euskal Haur eta Gazteen Literatura Elkarteko lehendakaria izan da, Demode produkzioak egindako Kutsidazu bidea Ixabel musikaleko eszenografia egin du (Max sarietan hautatuak izan dira) eta Arteleku arte zentroan ere urte luzez aritu da lanean, Loiolan bertan.
Beste erronka bat
Horma irudia egitea erronka berria izanda artistarentzat: «Ilustrazioaren mundutik nator, baina hala ere, gauza ezberdinak egitea gustatzen zait, eta kultur etxearen proposamena bi aldiz pentsatu gabe onartu nuen». Eskala txikitik handira igarotzea ez da lan erraza eta egokitzapen prozesu bat egin behar izan du: «Hasieran ez nekien nondik hasi. Animalien bozetoak egin nituen eta ondoren, horman marrak egiten hasi nintzen».
Alonsok, ordea, emaitza ona izango zela jakin behar zuen, eta bigarren egunean arrain bat pintatu zuen. «Eskala txikian eta nire pintzelekin marraztera ohituta nago, eta testura eta itxura bera lortu nahi nituen horman». Tamaina txikian egindakoa horman ondo geratzen zela ikusita, «jolasten» hasi zen: «Egun batean belarrak egiten nituen, hurrengoan arrain bat eta beste batean igelak».
Prozesu polita izan da artistarentzat horma irudia handitzen ikustea. Lana amaitzeko ez zioten eperik jarri, eta uztailaren amaieratik irailaren hasiera arte aritu da pixkanaka osatzen. Pintzel eta brotxa txikiekin egin du horma irudia: «Ezagutzen dudan materiala erabili nahi nuen; espraia, esaterako, ez dut inoiz erabiltzen». Izan ere, Alonsoren lanek detaile ugari izaten dituzte: «Oso beteta gustatzen zait dena, ez naiz batere minimalista».
Guztira, 40 metro lineal ditu hormak eta hiru zatitan banatuta dago, plaza txiki bat sortuz. Altuera, ordea, txikia du, ez baita metro eta erdira iristen. Gainera, hasieran, beste horma bat erabili behar zutela dio Alonsok: «Hiru bat metroko altuera zuen, eta nire asmoa behekaldean ur azpiko animaliak irudikatzea zen, eta goikaldean kanpoko landareak».
Hala ere, azken emaitzak bisualki gauza bera lortu du. Izan ere, Ernio kalea ibaiertzean dago, eta murala begiratzean, irudiaren gainean ibaiko benetako zuhaitz eta landareak ikusten dira, benetako paisaiarekin jolasten du hormak. Horma auzoa babesteko egina dago, baina kasu honetan, ibaia auzora gerturatu dute.
Alonso pozik dago izandako esperientziarekin eta egindako lanarekin: «Ez nuen espero. Ikusi dut nire marrazteko era islatu dela eta lortu dudala nahi nuena». Gainera, horma irudiekin jarraitzeko gogoa piztu dio honek: «Ilustratzailearen lana bakarkako lana da. Nire estudioan egoten naiz sartuta, lana argitaratzen denean soilik ikusten da eta inork ez du ikusten atzean dagoena». Jendea ez dago ohituta prozesua ikustera, eta artistaren iritziz, «polita» da hori ezagutzea: «Zein kolore hartzen den lehenago, horren gainean zer egiten duzun… Horma irudietan hori ikusten da eta jende asko igaro da bertatik»
Auzoan murgilduta
«Ez da berdina estudioan edo kalean lan egitea», dio Alonsok. Izan ere, une oro auzokoekin harremanetan egon da: «Jendearekin bizi ditudan gauzak bereziki politak izan dira». Esaterako, auzoko hainbat ume gerturatu zaizkio arrainak ikustera: «Isil-isilik begiratzen zuten eta gustuko zutela esaten zidaten».
Arrain bati ere izena jarri diote. Horma irudiaren ondoan dagoen Ardube tabernako terrazan gizon bat eseri zen Alonso murala egiten ari zela: «Gure artean hitz egiten hasi ginen eta lehen arrainari Rafa izena jartzea erabaki genuen».
Parean dauden etxebizitzetan bizi den familia bat ere egunero hurbiltzen zitzaiola kontatu du ilustratzaileak: «Zer moduz nengoen eta lana nola zihoan ikustera etortzen ziren». Hartu-eman handia izan du auzorekin, eta auzokoek harrera «paregabea» egin diotela sentitzen du artista donostiarrak: «Oso uda polita igaro dudala esan dezaket».
Auzotarrak harro
Auzokoek harrera ona egin diote azken urteotan egin diren horma irudiei. Guztira, hamalau obra daude auzoan, eta artisten lana gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Jon Urbieta Loiolako kultur etxeko zuzendariaren hitzetan, Alonsoren lana dantza bat ikustea bezalakoa zen: «Pintura baino, koreografia bat ikustea bezalakoa zen». Erabili duten materialaren kalitateari esker gutxienez hamar urte iraungo ditu horma irudiak kalean eta auzoa «harro» eta «eskertuta» dagoela dio Urbietak. Adin guztietako bizilagunetaraino heldu da egitasmoa, eta beste auzo batzuetatik ere urbildu da jendea. Bide bera jarraituz, urrian Altza Apain egitasmoa egin dute, Altzako hormak apainduz.