Arrakasta izan du Altzako tokiko produktuen azokak
Altzan Bertako Produktuen Eguna egin zuten estreinakoz larunbatean, eta zenbait parte-hartzaile pozik agertu dira egunak emandakoarekin sare sozialetan. Goiz osoan zehar, hamar ekoizleren postuak izan ziren Harria parkean, eta auzoko jende ugari joan zen askotariko produktuak erostera: barazkiak, gaztak, marmeladak, pastelak eta garagardo artisauak, besteak beste.
Ekoizleen artean udalak Altzako Molinao inguruan abiatutako Urban Lur proiektuko nekazariak egon ziren: esaterako, Goxo-rrubi baratzekoek marrubizko eta masusta gorrizko marmeladak eta bestelako produktuak saldu zituzten, eta La Huerta de Juan baratzeko barazki ugari ere salgai izan ziren. Juan Bautista Cincunegui argentinarra da azken baratze horren arduraduna, eta hedabide honek elkarrizketa egin zion ekainean, istorio bitxia baita berea.