EAEko Auzitegi Nagusiak baztertu egin du udalak etxe turistikoen araudiaren harira jarritako helegitea
Auzitegiaren erabakiarekin, irmoa da 2020ko urtarrileko epaia, eta beraz, baliogabetu egiten du udalak 2018an onartutako udal ordenantza, lehenengo solairutik gora etxebizitza turistikoak jartzea ahalbidetzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak baztertu egin du Donostiako Udalak hiriko etxebizitza turistikoen udal ordenantzaren aurkako epaiaren aurrean aurkeztutako helegitea izapidetzea, eta beraz, aipatu epaia irmoa da. 2018ko martxoaren 1ean, udalbatzak etxebizitza turistikoen araudia malgutzen zuen udal ordenantza bat onartu zuen, besteak beste, lehenengo solairutik gora halako establezimenduak irekitzea ahalbidetzeko. Ordea, 2020ko urtarrilean, ordenantza hori bertan behera utzi zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta gauza bera egin zuen aurtengo otsailean Espainiako Auzitegi Gorenak, ordenantzak hiriko Plan Orokorrarekin talka egiten zuelako. Apirilean, aldiz, udal gobernuak Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aldaketa bat onartu zuen, lehenengo solairutik gorako etxebizitza turistikoak legezkotzat hartzen jarraitzeko.
EH Bilduk ohar batean nabarmendu duenez, “zuzenbidean gutxieneko ezagutza duen edonork bazekien ordenantza hau nola amaitu zen. Izan ere, udal ordenantza batek ezin du Plan Orokorrak agindutakoarekin talka egin, hierarkian gorago dagoen arau bat delako. Oso argi zegoen ordenantza honek lehen solairuaren gainetik etxebizitzak jartzeko aukera ematen zuela eta POn hori ez zela baimentzen”. Orain, udal gobernuak auzitegiaren epaiaren exekuzioaren berri eman beharko dio udalbatzari, ziurrenik hilaren 28ko udalbatzarrean. “Orain, argitzeke dago zer egoeratan geratu diren erabat deusez deklaratuta dagoen ordenantza baten babesean Donostian ireki diren ehunka etxebizitza turistiko”, adierazi du EH Bilduk, hirian lehenengo solairutik gora dauden etxebizitza turistikoei erreferentzia eginez.
Oposizioko taldearen ustez, “ez da ulertzen udaleko zerbitzu juridikoetako goi karguek ez jakitea ordenantzarekin zer gertatuko zen”. Ordenantza batek udal idazkariaren sinadura eraman behar du, ordenantzaren legezkotasuna bermatzen dela baieztatzeko, eta EH Bildukoek gogorarazi dute gero jakin zela idazkaria “etxe turistiko baten jabea dela, eta, kasualitatez, berea izan zela ordenantza onartu ondoren irabazten atera zenetako bat”. “Okerrena etxe turistikoak ezartzeko baldintzak malgutzeak hiriari ekarri dizkion ondorioak izan dira”, gaineratu du udal taldeak, eta nabarmendu du ordenantza onartu ondoren “900 etxe turistiko inguru legeztatu” zirela, baita hemendik aurrera etxe turistikoen kopurua “biderkatzen” jarraituko dela, “gero eta eremu gehiago saturatuz”.
Era berean, EH Bilduk dioenez, ondorio ugari establezimendu turistikoen gorakadak: “Aste honetan bertan, Pisos.com atariak etxebizitzaren prezioan Donostia estatuko rankingeko lehenengo postuan dagoela adierazi du, %7ko garestitzearekin azken hiruhilekoan. Pandemia garaian etxebizitzen prezioa garestitzen jarraitu den hiri bakanetakoa da Donostia. Putre funtsek eta gainerako espekulatzaileek oso ondo dakite ‘lagun’ bat dutela Donostiako Udal Gobernuan, prest dagoena argi berdea emateko horrelako ordenantza bati; eta prest dagoena helegiteak sartzeko jakinda ez zituztela onartuko; hori dena helburu batekin: legeztatuko pisu turistikoak irekita mantentzeko”. Bestalde, horrelako erabakien aurrean galtzen ateratzen direnak donostiarrak direla salatu du EH Bilduk: “Hamarkada batean, Grosek 1.300 biztanle baino gehiago galdu ditu, eta Erdialdeak eta Parte Zaharrak ere galdu egin dute populazioaren %6 inguru, hiriak %1 irabazten zuen bitartean”.