Lau kontzertu izango ditu Bidebietako lehenengo musika jaialdiak
Bidebieta-La Paz bizilagun taldeak auzo bizi baten alde lanean jarraitzen du, eta Bidebietako lehenengo musika jaialdia antolatu du: Musikauzoan. Bi asteburuko egitaraua prestatu dute, eta guztira lau kontzertu eskainiko dituzte, auzoko lau tabernatan. Jaialdia antolatzeko, Dkluba, Donostia Kultura, Donostiako Udalaren erakunde babesa izan dute, baita auzoko establezimendu hauena ere: Unamuno-Martinez botika, Aranzabal harategia eta Lekuona okindegia. Antolatzaileek azaldu dutenez, Bidebietako ostalariak laguntzeko helburuarekin antolatu dute jaialdia, eta, hain zuzen, aipatu erakunde eta saltokien babesari esker, ostalariek ez dute ezer ordaindu beharko kontzertuak antolatzeko.
Emanaldiak hilaren 22an, 23an, 29an eta 30ean izango dira, 20:00etatik 21:30era. Jarraian, egitaraua:
Ostirala, 22:
- Physis Versus Nomos taldea, Itsasoa tabernan.
Larunbata, 23:
- Radio Rebelde taldea, Dcine tabernan.
Ostirala, 29:
- Nuria Culla musikaria, Alai tabernan.
Larunbata, 30:
- Erroka taldea, Zumardi tabernan.
Ez da Bidebieta-La Paz bizilagun taldeak auzoan antolatutako kultur jarduera bakarra, irailean Zinebide zinema zikloa antolatu baitzuten estreinakoz, eta antolatzaileak “oso pozik” agertu ziren emaitzarekin.