"Hiru hilabeteko epean" kendu beharko dira pandemian baimendutako behin-behineko terrazak
Donostiako Udaleko Gune Publikoen batzordean terrazen inguruan aritu ziren atzo. PPren udal taldeak galdetuta, Eneko Goia alkateak adierazi zuen pandemian baimendutako behin-behineko terrazak “hiru hilabeteko epean”, gutxi gorabehera, kendu beharko dituztela ostalariek.
Udalak Gune Publikoen ordenantza egokitu zuen aparkalekuetan terrazak jarri ahal izateko, eta hiriko hainbat gunetan horrelako terrazak baimendu zituzten. Orain, ordea, larrialdi egoera bukatuta, gune horiek lehengoratu beharko direla aitortu zuen alkateak. Hau da, behin-behineko terraza horiek erretiratu beharko dituzte udal ordenantza betetzeko.