Udalak plaka bat jarriko du Juan Manuel Garcia Corderoren omenez
Datorren larunbatean, hilaren 23an, Juan Manuel Garcia Cordero omenduko du Donostiako Udalak. Telefonicako ordezkari probintziala izan zen, eta 1980an bahitu eta tiroz hil zuen Komando Autonomo Antikapitalistak. Haren omenezko plaka Familia Santua kaleko 5. zenbakian jarriko dute, eta ekitaldia 12:00etan izango da. Omenaldian udal taldeetako ordezkariek parte hartuko dute.
Corderok 53 urte zituen erail zutenean. Etxetik ateratzean bahitu eta haren gorpua Ulian aurkitu zuten 1980ko urriaren 23an, zuhaitz bati kateatuta, tiro batekin. Corderoren omenaldiarekin hamalau dira udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jartzen dituen plakak.
Orain arte, ondorengo pertsonak oroitzeko plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluze, Jose Maria Elizegi Diez, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia Gonzalez, Gregorio Ordoñez, Francisco Martin Gonzalez eta Fernando Mugica Herzog –guztiak ETAk erailak–, Enrique Cuesta eta Antonio Gomez –Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak erailak–, Begoña Urroz Ibarrola –DRIL talde armatuak eraila–, Mari Jose Bravo del Valle –Batallon Vasco Español taldeak eraila– eta Joseba Baradiaran Urkola –poliziaren ekintzak eragindako biktima–.