Urriaren 20aren testuinguruan, larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du Sarek
Bihar, urriak 20, 10 urte beteko dira ETAk bere jarduera bertan behera uzteko erabakia hartu zuenetik. Testuinguru horretan, Sarek bere irakurketa partekatu eta larunbatean deitutako manifestazioaren azken deia luzatu du Bulebarrean egindako agerraldian.
Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileek adierazpenak egin dituzte: “Hamar urte, herri honen errealitatea aldatu zenetik, aukera paregabea zabalduz aurrera egiteko, bai bizikidetzan eta bakean, baita aurreko hamarkadetan metatutako sufrimenduarekiko eta pertsona guztien giza eskubideekiko errespetuan”. Bozeramaileen hitzetan, aukera hori “erdizka” probestu da “oraindik ere eskubideen urraketak baitaude, bai espetxe-politikan, bai biktima guztien aitortzan”.
“ETAk bere erabakia hartu zuenetik denbora asko pasatu bada ere, urruntzeari eutsi egin zaiola” gogorarazi dute besteak beste, gaur egun presoen %56 Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudelako, haien etxeetatik 250 eta 600km arteko distantzian. Hori dela eta, gaur, mezu argi bat zabaldu nahi izan dute: “Ezin dugu egoera hau gehiago luzatu”. Horretarako, gizarte gisa kalera ateratzen jarraitzeko beharra nabarmendu dute, alor sindikaleko, politikoko eta alor sozialeko kidegoa ere modu aktiboan inplikatzearekin batera. “Gure herrian bizikidetza lortzeko ezinbestekoa da konfrontazioz eta sufrimenduz betetako kapitulu hau ixtea. Eta egin daiteke, horretarako borondaterik badago”, adierazi dute.
Azkenik, datorren larunbatean herritarrak aldarrikapen horiekin bat egitera gonbidatu dituzte, eta haiekin batera, Euskal Herriko ordezkari sindikal, politiko eta sozialei ere gonbidapena luzatu nahi diete. Esaterako, manifestazioan Kataluinako preso ohien ordezkaritza zabala izango dela aurreratu dute.
Bestalde, mobilizazioaren amaierako ekitaldian Gatibu taldeak hainbat abesti joko dituela jakinarazi dute. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Antiguako tuneletik.