Cesar Benito futbol zelaia hobetzeko lanak amaitu dituzte
Pasa den martxoan Matigoxotegi eta Cesar Benito futbol zelaiak hobetzeko akordioa sinatu zuten Donostiako Udalak eta Realak. Eneko Goia alkateak eta Jokin Aperribai Realeko presidenteak nabarmendu zuten bi futbol zelaiak berritzea ezinbestekoa dela hiriarentzat eta harrobiko zein emakumeen futbola garatzen jarraitzeko. Udalak 247.000 euroko inbertsioa egin du.
Azken hilabeteak hobetze lanekin aritu ostean, aste honetan amaitu dituzte lanak. Hiru hilabeteetan, asfaltoaren planimetria hobetu da, batez ere zelaiaren ipar-ekialdeko angeluan zegoen desnibela zuzentzeko, eta belar artifizialeko zoladura berria jarri da. Une honetan, Intxaurdi Kirol Elkarteak kudeatzen du zelaia.