Egungo egoera "bakea eta elkarbizitzarako erabakigarria" dela nabarmendu du Sortuk
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak “Etorkizuna dugu irabazteko. Herriarentzat. Herriarekin” adierazpena irakurri du ETAren borroka armatuaren amaieraren hamargarren urteurrenaren harira. Ezker abertzaleko ehun bat militante elkartu dira Donostiako Paseo Berriko Jorge Oteizaren eskulturan.
Adierazpenean, bakea eta elkarbizitzarako “momentu erabakigarria” dela esan du idazkari nagusiak eta ezker abertzaleak lanean jarraituko duela nabarmendu du. “Preso politikoen auziari konponbidea eman behar zaio, biktimen aitortzan urratsak eman behar dira eta gatazkari aterabide demokratikoa eman behar zaio. Elkarbizitza eraikitzeko ezinbestekoa dela uste dugu”.
Euskal Herria erronka berriei aurre egin beharrean dagoela adierazi du Rodriguezek: “Erronka globalei eta belaunaldiei dagozkien erronkei, besteak beste, klima aldaketari, zainketen krisiari, gure identitate komunitarioaren garapenari, ekoizpen sarearen eraldaketari eta abarri. Une historiko honek herri susperraldi handi bat abiatzea eskatzen digu”. Interes orokorra lehenesteko garaia dela uste du Sortuk, “alderdi ororen interesen gainetik”, eta etorkizun hobe batekin engaiatzeko unea dela ikusten du. “Geuk ondo egindakoez eta geure akatsez arduratzen gara. Apaltasunetik, gure indar guztiekin, berdinen arteko herri aske bat eraikitzeko ekarpena egingo dugu, ‘pertsona guztientzat eskubide guztiak’ printzipio gidariaren baitan”, esanez amaitu du adierazpena.