Urumea ibaiaren ertzean hotel bat eraiki nahi dutela salatu du EH Bilduk
Antondegiko bizilagunek EH Bilduri jakinarazi diote Urumea ibaiaren ertzean lau izar eta 73 logelako hotel bat eraiki nahi dutela. EH Bilduk proiektua salatu eta agerraldia egin dute Donostiako Udaletxean. Markel Ormazabal eta Garbiñe Alkiza zinegotziek eman dituzten xehetasunak.
Ormazabalen hitzetan “jasanezina da Donostian hotel gehiago eraikitzea, ez hiri ereduaren ikuspegitik, ezta klima aldaketaren aurkako borrokaren ikuspegitik ere”. Gainera, Antondegi ondoan egin nahi izateak kasu hau “are larriago” egiten duela nabarmendu du. Ormazabalek alkatea aipatu du: “Eneko Goiak bultzatutako garapen ereduaren enegarren adibidea da hotel hau. Alkate bezala daramatzan sei urtetan, hotel berriak bata bestearen atzetik iragartzen ari dira”. Azken asteetan, abian diren proiektuak tramitatzen jarraitzeaz gain, lizentzia eman zaio Garibaiko hotelari eta Arte Ederretako hotelari, besteak beste. Bestalde, Donostiako Udalak 2020ko martxoan larrialdi klimatikoaren egoera aldarrikatu zuela gogorarazi du: “lurralde berrien okupazioa murriztea eta 2010eko Plan Orokorrean lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako batzuk egiteari uko egitea eskatzen zuten. Neurri hau eremu batean aplikagarria bada, hori Antondegi da”.
Garbiñe Alkizak Antondegi inguruko hainbat bizilagun abandonaturik sentitzen direla adierazi du. Izan ere, eremuan egin nahi diren aldaketa urbanistiko askoren berri eman die udalak: “den-denak surf parkea eta hotela azpiegitura turistikoen beharrak asetzeko pentsatuak, inoiz ez haien bizimodua hobetzeko”. Herritarren “benetako beharrei” erantzun ordez, “interes pribatu jakin batzuk lehenesten” ari direla gaineratu du.
Halaber, EH Bilduk kritikatu du hotel berri honek “Donostiako Larrialdi Klimatikoaren Adierazpenaren aurka talka” egiten duela, azken asteetan hainbat proiekturi “argi berdea” eman zaiela eta Urumea ibaiertzean hotel bat egin nahi izatea zentzugabekeria dela. “Garaiz gaude, Antondegiko hotela eta surf parkea gelditu eta ingurua dagoen bezala uzteko”, adierazi dute.