Donostiako bigarren Talent House zentroa eraikitzeko lanak abiatu dituzte
Donostiako Udalak 2011n inauguratutako Talent House proiektuari jarraipena emango dio, San Bartolome gainan ikertzaileentzako eta langile kualifikatuentzako Talent House II zentroarekin. Hain zuzen, orubean sokak bota ostean, eraikina egiteko lanak abiatu dituzte dagoeneko. Ikertzaileentzako 78 apartamentu –logela, sukaldea, komuna eta lanerako espazioa izango dutenak– izango ditu eraikinak, sei solairutan banatuta. Kalifikazio energetiko bioklimatiko gorena izango du gunea, eta coworking gune bat ere izango du.
“Obren hasiera albiste bikaina da, Donostiak aurrera egiten jarraitzen baitu erreferente, zientzia eta berrikuntza gune izateko apustuan. Lehen Talent Housek bere arrakasta erakutsi du eta bigarren ekipamendu honek hiriaren kokapena hobetuko du talentua erakartzeko lerroan”, adierazi du Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak.
Eraikina 2024rako amaitzea aurreikusten du udalak, eta lanak egingo dituen Aldi Baterako Enpresa Elkateak (ABEE) Donostiako Sustapenari alokatuko dio Talent House II gunea, urtean 71.111 euroko prezioan, 15 urtez. Denbora tarte hori pasata, zentroa erosteko aukera izango du, 6,3 milioi euroko prezioan.
Lehen esperientzia
Talent House I eraikinak –Baenako Dukea 42– %87ko okupazio tasa izan zuen iaz, eskaintzen dituen 80 apartamentuetan. Guztira 310 ikertzailek hartu zuten ostatu, eta batez beste bost hilabeteko egonaldiak egin zituzten. Gehiengoa bakarrik heldu baziren ere, batzuk bikotearekin heldu ziren, eta gutxi batzuk euren familiarekin. Ikertzaileen maila akademikoari dagokionez, %69 doktoreak dira, eta %28 doktorego aurrekoak.
Iazko ikerlariei dagokionez, hurrengo enpresetan aritu ziren: DIPC (%22), Polymat (%15), EHU (%11), CICBiomagune (%11), BCBL (%8) eta CICNanogune (%8).