"Aitak EAJk baino askoz modu irmoagoan defendatzen zituen oinarri abertzaleak"
Ales Elosegi (Donostia, 1951) Joseba Elosegiren semea da, eta aitaren historia errepasatu du hedabide honekin, baita zenbait bitxikeria kontatu ere.
Joseba Elosegi donostiarra (1915-1990) militante eta borrokalari abertzale ezagunenetako bat izan zen, bereziki bere ibilbide politikoan zehar egin zituen zenbait ekintzarengatik: 1946an, ikurrin bat zintzilikatu zuen Artzain Onaren katedralean; 1970ean, bere buruari su eman zion, eta Francoren aurrera jauzi egin zuen Atano III.a pilotalekuan; eta 1984an, EAJko senatari zenean, Madrilgo Armadaren Museoan zegoen Intxarkundia batailoiaren ikurrina berreskuratu zuen. EAJko militantea izan zen urte luzez, baina EAren sorrerarekin, alderdi horretan sartu zen, eta EAko militante izanda zendu zen.
Aski ezaguna da Elosegiren ibilbide politikoa, baina ez da horrene ezaguna bere alderdi pertsonala. Hori pixka bat gehiago ezagutzeko, IRUTXULOKO HITZAk luze eta zabal hitz egin du bere seme Ales Elosegirekin (Donostia, 1951). Aitaren ibilbidea errepasatzeaz gain, zenbait bitxikeria interesgarri kontatu ditu. Elkarrizketa osoa ostiralean, hilaren 22an, irakurri ahal izango da webgune honetan eta astekarian, baina, ordura arte, hemen duzue aurrerapen txiki bat:
Bere ekintzarik ezagunena, zalantzarik gabe, Francoren aurrean sutan bota zenekoa da. Horri buruz hitz egiten zuen etxean?
Ekintza bera egin aurretik, ez zuen horri buruzko ezer esan etxean; ez genekien hori egingo zuenik. Berak buruan zuen zerbait zen eta bere kabuz prestatu zuen ekintza, baina familiakook ez genekien ezer. Egin zuena egin ondoren, ospitalean egon zen hainbat hilabetez, erredurekin oso izorratuta.
Atera zenean, atxilotu egin zuten eta kartzelara bidali zuten. Carabanchelen eta Palentziako kartzelan egon zen, eta ama eta biok joaten ginen bisitan. Bost urtez egon zen kartzelan, 1975ean Franco hil zen arte. Garaiko amnistiarekin atera zen espetxetik. Atera bezain laster, bere ibilbide politikoa berrartu zuen, eta EAJko senatari izatera heldu zen. Ondoren, EAJn zatiketa gertatu zenean, EAra pasa zen, eta EAko kide izanik hil zen.
Ekintzaren ondoren, azalpenak eskatu zenizkioten etxean?
Etxean horri buruz hitz egiten zen. Amak erabat onartuta zuen zerbait zen, eta, hain zuzen, ez nuen inoiz gertatutakoa kritikatzen entzun. Aita ezagutzen zuen moduan ezagututa, pentsatzen dut amak ulertuko zuela aitak zergatik egin zuen hori.
EAJren banaketarekin, bera EAn sartu zen. Zergatik?
[Carlos] Garaikoetxearekin harreman handia zuen, eta nik uste dut horrek hein batean markatu zuela. Bestalde, segur aski, EAJk etorkizunean egingo zuena aurreikusten zuen, eta aitak EAJk baino askoz modu irmoagoan defendatzen zituen oinarri abertzaleak. Horrek eraman zuen EAn sartzera, ziurrenik.
Nola ikusiko luke zure aitak gaur egungo egoera politikoa?
Hipotesiak egitea izango litzateke, baina pentsatzen dut Garaikoetxearen ildoa jarraituko lukeela. Hau da, ustezko jarrera abertzale bat izango luke, eta denbora guztian erabakitzeko eskubideari buruz hitz egingo luke. Bestalde, segur aski, ezker abertzalearekin aurrez aurre egongo litzateke. Era berean, EAJrengandik urrun egongo litzateke, dirudienez, hori guztia ahaztu duelako.
Nire aita erabat independentista zen, beste ezeren gainetik. Hain zuzen, bitxikeria gisa, Tangerretik hona etortzen ginenean [elkarrizketaren bertsio luzean azaltzen denez, urte luzez Tangerren (Maroko) bizi zen familia], Burgosen eta Arabaren arteko muga pasatzean, lurra musukatzera behartzen gintuen; autotik jaisten ginen eta lurrari musu ematen genion [barrez].