Asisko Urmenetak 'Sugarren mendea' komikia aurkeztuko du Egian

Asisko Urmeneta komikigileak Sugarren mendea komikia aurkeztuko du urriaren 27an Egiako Kultur etxean.
Iaz kaleratu zuen komikia Urmenetak sorgin ehiza hizpide. “Duela 410 urte burutu zen Logroñoko autodafea, zeinean erre egin baitzuten hainbat euskaldun, sorgintzat akusaturik. Hura ez zen, ordea, bakarra izan: mende batean barrena Inkisizioak segada ikaragarriak egin baitzituen Nafarroan, Erronkaribarretik Amezkoaraino, milaka herritar ehizatuz”.
Antolatzaileek azaldu dutenez: “Sorginen inguruan eraikitako topiko eta faltsukeri interesatuak bertan behera utziko ditu, garai hartako benetako interes geopolitikoak agerian utziz”.
Urmeneta komikigile eta ilustrazailea da, hainbat euskal hedabideetan kolaborazioak eginez. 2017an eta 2018an bi komiki sortu zituen Urmenetak: Eusklabo Alaiak (Gure Berriak, 2017) eta AztiHitza: Xahoren Biografikoa (Erroa argitaletxea, 2018). Azken lan honi esker, Urmenetak 2019an Literatura Lanaren Ilustrazioa modalitateko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen.