2022ko aurrekontuen zati bat Bidebietan kultur etxe bat jartzera bideratzeko eskatu du EH Bilduk
Bidebietako bizilagunek urteak daramatzate auzoan kultur etxe bat jar dezatela eskatzen, eta, hain zuzen, auzoko eragile batzuek horren aldeko kanpaina abiatu zuten maiatzean. EH Bilduk hilabete bereko udalbatzarrera eraman zuen gaia, eta udalbatzak aho batez onartu zuen Bidebietan kultur etxe bat jartzeko azterketa bat egitea. Bost hilabete pasa dira ordutik, eta, astelehenean, oposizioko taldeak zinegotzi ordezkariari galdetu zion ea azterketa hori bukatu duten: “Zinegotziak erantzun zuen Donostia Kultura erakundeko Kultur Ekintzako zuzendaria ari dela txostena prestatzen, eta urtea amaitu baino lehen izango duela prest. Gainera, adierazi zuen auzoko zenbait elkarterekin elkarrizketak egiteko asmoa duela, baina ez zuen zehaztu zeintzuekin”, azaldu du EH Bilduk.
Horren aurrean, EH Bilduk deritzo “nahitaezkoa” dela “elkarrizketa solte batzuetatik harago, parte hartzeko prozesu oso bat egitea”, auzoko bizilagunekin batera “kultur azpiegitura horren kokapena eta eskainiko duen zerbitzuaren nolakoa auzotarrekin batera aztertzeko, eta, oro har, kultur arloan auzotarrek dituzten kezken eta beharren inguruan galdetzeko”.
Era berean, 2022ko aurrekontuak prestatzeko urratsak abiatzear direla gogoratu du EH Bilduk, eta eskatu du aurrekontu horietako zati bat Bidebietan kultur etxe bat jartzeko prozesua abiatzeko erreserbatzeko. “Zinegotziak, ordea, adierazi zuen udal gobernuak ez duela diru sailik aurreikusi horretarako 2022ko aurrekontuaren zirriborroan”, salatu du oposizioko taldeak.