Clara Azurmendi historia egiten ari da
Tokioko Olinpiar Jokoetan aritu ostean, Clara Azurmendi badminton jokalari donostiarraren progresioak ez du etenik, eta munduko onenekin buruz buru dabil dagoeneko. Nazioarteko badmintoko maila gorenekoa den Danimarkako Open txapelketa garrantzitsua jokatzen ari da Azurmendi, eta final-zortzirenetan Mia Blichfeldt garaitu du, munduko jokalari onenen sailkapeneko hamabigarrena –Azurmendi 56.ena da, baina gora egiten ari da–. Bera baino lehenago, Espainiako Estatuan, soilik Carolina Marin –munduko onena ere izandakoa– iritsi izan da horren urrun txapelketa horretan.
Bi setetan irabazi du partida Azurmendik: 21-12 eta 21-18. Final-laurdenetan Kristy Gilmour aurka jokatuko du, munduko 25. jokalari onenaren aurka. Gilmourrek Azurmendi garaitu zuen pasa den Uber Cupean, beraz, donostiarrak errebantxarako aukera izango du. “Oso pozik nago garaipenarengatik. Oso garrantzitsua da niretzako eta Espainiako badminton guztiarentzako. Sentipenak ezin hobeak dira, eta espero dut horrela jarraitzea, finalerdietara pasatzeko”, adierazi du donostiarrak Espainiako Badminton Federazioaren mikrofonoetan.