Europa Ligako final hamaseirenetara sailkatzeko garaipena behar du Realak
Realak Austriako Graz hirira egin du bidaia, Europa Ligako taldekako faseko hirugarren partida jokatzeko. SJ Srturm Graz izango dute aurrean txuri-urdinek, eta hiru puntuak etxera ekarri beharko dituzte final hamaseirenetarako sailkapena asko ez zailtzeko. Izan ere, taldean hirugarren postuan dago Reala, bi punturekin. PSV eta Monako aurretik ditu, lau punturekin bakoitza, eta SK Sturmek ez du punturik eskuratu oraindik.
Partida 21:00etan jokatuko dute, eta partidak erraza dirudien arren, Imanol Alguacilek adierazi du Europako txapelketetan ez dagoela “aurkari errazik”. Hala ere, Jokin Aperribai Realeko presidenteak adierazi du oraingo Reala 2018. urtean Salzburgoren aurka galdu zuena baino indartsuagoa dela.
Europa Ligako hirugarren partida honetarako jokalari garrantzitsu batzuk falta zaizkio Imanol Alguacili, arazo fisikoak direla eta; garrantzitsuena Mikel Oiartzabalena da, baita Carlos Fernandez aurrelariarena eta Nacho Monreal defentsarena ere. Diego Rico eta Alex Sola ere ez daude partida jokatzeko moduan.