Gure Txoko tabernan hildako langilearen harira, ikerketa sakon bat egiteko eskatu dute hainbat sindikatuk
ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Donostian, Groseko Gure Txoko tabernan lan istripuan hildako langilearen heriotza salatzeko. Gertatutakoaren inguruko “ikerketa sakona” eskatu dute, halako gertakariak gehiago ez errepikatzeko. Izan ere, gogorarazi dute 2021ean 52 direla dagoeneko Hego Euskal Herrian lan istripuen ondorioz hildako langileak; “zifra hauek onartezinak eta jasangaitzak dira”, salatu dute.
Gure Txoko tabernako ezbeharra hilaren 17an jazo zen. Suhiltzaileek goizeko bederatzietan jaso zuten abisua, eraikinean ke asko zegoela eta.Sua sukaldean piztu zen, baina oraindik ez dakite zergatik. Sua itzaltzen ari zirela, pertsona bat aurkitu zuten biltegian, eta kanpora atera zuten, oso egoera larrian. Larraldietako zerbitzuak suspertzen saiatu ziren, baina gizona hil egin zen.