Loiolako zeharbideko hirugarren erreia soberan dagoela uste du Kalapiek

Urtebete pasa da Loiolako zeharbideko lanak abiatu zirenetik, eta hasieratik zeresana eman du bidegorriak. Hainbat erabiltzailek eta Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak adierazi dute zati batzuetan bidegorriak ez duela gutxieneko zabalera.
Orain obra bukatzear direla, Kalapiek adierazi du zeharbideko hirugarren erreia soberan dagoela. “Noranzko bakoitzeko errei batekin ez da arazorik egon zirkulazioari dagokionez, eta Dbuseko autobusek ez dute atzerapenik izan. Inauguratu aurretik argi geratu da hirugarren erreia ez dela behar, eta oinezkoek zein bizikletek espazio gehiago merezi zutela”, azaldu dute.
Bestalde, erabiltzaile batek sare sozialen bidez ohartarazi du Loiolako bidegorria autobus markesinen atzetik pasatzen dela, eta “uneoro” oinezkoek zeharkatu beharko dutela. Bidegorria “zabalagoa” izan beharko lukeela nabarmendu du, “eta galtzadan kokatuta”. Espaloia ere “estuegia” dela adierazi du. “Aldiz, autoek gehiegizko lekua dute”.