Tabakalerak Maialen Lujanbioren 'Bizitza happening' soinu-instalazio berria aurkeztu du
Maialen Lujanbioren “Bizitza happening” sorkuntza Tabakalerako eraikinaren eskailera nagusirako sortutako soinu lana da. Hain zuzen ere, soinu-instalazioak oinarri dituen Scala proiektuaren hirugarren sorkuntza aurkezten du.
Letra eta soinuzko instalazioa honetan, geruza desberdinek egiten dute bat. Izan ere, soinuaz gain Tabakalerako eskaileran irakurri daitezkeen hainbat idatzizko testu zatik osatzen dute instalazioa. Testu horiek soinu-lanaren partitura gisa ulertzen dira eta, Scalako gainontzeko proposamen guztietan bezala, espazioan fisikoki aurkezten dira.
Egileak berak leku horretan bertan ikusitako pasarte batetik eta horrek eragindako talkatik abiatu du lana. Lujanbiok Xabier Erkizaren laguntzaz osatu du sorkuntza, soinu-ekoizle eta artistak lanaren alderdi etikoan hartu baitu parte.
Pieza hau urriaren 21etik 2022ko otsailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da Tabakalerako eskailera nagusian, eraikina irekita dagoen ordutegian.
Scala proiektua
Eraikineko eskailera nagusirako sortu zen proiektua da, eta musikara eta soinura hurbiltzeko dauden hamaika hizkuntza eta moduak ikertzeko xedez sortu zen.
2021eko abenduaren 10ean abiatu zen proiektua Pauline Oliverosen “Sound Patterns” piezarekin. Lan hau 1961ean sortu zuen Oliverosek eta Vocal Constructivists-ek interpretatu zuen. Bost hilabetez egon zen entzungai Tabakaleran. Ondoren, Niño de Elcheren txanda iritsi zen aurtengo maiatzean. Eskailerarako “La pena y el alivio” izeneko soinu-pieza sortu zuen diziplina anitzeko artistak, eta lau hilabetetan zehar. Maialen Lujanbioren lanak hartuko du orain artista horien lekukoa, eta otsailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da.